Umetoki artifizial bat sortu dute fetoaren garapena osatzeko
2017/04/26 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Filadelfiako Haur Ospitaleko ikertzaileek umetoki artifizial bat sortu dute, benetako umetoki baten baldintzak imitatzen dituena. Poltsa itxi bat da, likido amniotikoaren antza duen fluido batez betea, eta kumea oxigenoaz eta elikagaiez hornitzeko sistema bat duena. Dagoeneko arkume oso goiztiarrekin probatu dute (23-24 asteko haur goiztiarren parekoak), eta 28 egunez han bizitzea lortu dute. Ikertzaileek adierazi dute arkumeen organoek modu egokian garatzen jarraitu dutela, baita birikek eta garunak ere.
Haur goiztiarren kasuan, bizirik irautea lortzen da gero eta gehiagotan, baita haurdunaldiaren 22-23 asteetan jaiota ere –600 gramo eskasekin–, baina organoen garapena hain kritikoa izanik adin horretan (batez ere birikena eta garunarena), jaiotakoan biriketako gaixotasun kronikoak eta bestelako konplikazioak pairatzen dituzte maiz. Hori dela eta, umetokiarekin inkubagailuek baino antza handiagoa duten sistema baten bila ari dira ikertzaileak, esaterako haurrek ez dezaten airea arnastu behar izan hain garapen-fase goiztiarretan, oraindik beren birikak prest ez daudenean. Haurrekin erabiltzeko halako umetoki artifiziala lortuko balitz, hilabete batez atzeratuko litzateke une hori, eta hala, kalte larrienen muga gaindituko litzateke. Oraingoz, ordea, arkumeekin baino ez dute probatu.
Urte asko daramate umetoki artifizial bat lortu nahian, eta orain arte emaitzak eskasak izan dira. Garatu duten umetoki artifizial honetan, zilborreste sintetiko baten bidez iristen zaio odola arkumeari. Baina ez du odol-zirkulazioa ponpatzeko sistemarik, arkumeen bihotzak oraindik ez bailuke jasango kanpo zirkulazio-sistema bat. Horregatik, arkumea bera da, bere bihotzaren bidez, behar dituen osagaiak hartzen dituena. Orain arte egindako saiakeretan, ponpatze-sistemarik gabe, arkumeek garunean kalteak pairatzen zituzten, eta ez zuten bizirik irauten 60 orduz baino gehiago. Oraingoan, ordea, ia hilabetez iraun dute onik.
Bestetik, bentilazio-sistemarik ere ez du umetoki artifizialak, arkumeen birikek ezin baitute airea arnastu. Umetokian bezala, hemen ere likido amniotikoaren antza duen fluido horretan murgilduta dago arkumea, eta hor trukatzen dituzte oxigenoa eta karbono-dioxidoa haren birikek.
Ikertzaileen ustez, aurrerapen handia izan da umetoki artifizial hori garatzea, baina gizakietan erabili ahal izatetik urruti daudela aitortu dute. Batetik, gizakion likido amniotikoaren antzeko fluidoa garatu beharko litzateke, eta sistema zilborrestearekin lotzea arkumeetan baino zailagoa izan daitekeela adierazi dute.
Ikerketa Nature Communications aldizkarian argitaratu dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia