}

Uhinen indarra, hotza, beroa eta elektrizitatea sortzeko

2007/06/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Aldi berean beroa, hotza eta elektrizitatea sortzeko gai den tresna edo sistema bat garatzen ari dira Britainia Handiko hainbat unibertsitate elkarlanean. Garabidean dauden herrialdeetarako diseinatzen ari dira, eta, beraz, merkea izan behar du, eta erabiliko den lekuetan bertan egiteko eta konpontzeko modukoa.

SCORE termoakustikan oinarritzen da, eta sinplea eta erabilerraza da.
(Irudia: SCORE)

SCORE izena jarri diote ( Stove for Cooking, Refrigeration and Electricity , hau da, janaria presatzeko, hozteko eta elektrizitatea sortzeko sukaldea), eta termoakustika izeneko teknologian oinarritzen da.

Termoaskutika gas bat era irregularrean erretzen denean sor daitezkeen presio-uhin akustikoetan oinarritzen da. Motor termoakustiko bat erabilita, presio-uhin horiek mugimendu mekaniko bihurtzen dira, eta pistoiak balira bezala lan egiten dute. Horrez gain, alderantzizko prozesua ere egin dezake. Hala, beroa ateratzeko erabil daitezke uhin akustikoak: iturri hotz batetik putzu bero batera ponpatuz, hoztea eragiten dute.

Lehen ere erabili izan dira motor eta hozkailu termoakustikoak, baina teknologia aurreratuena duten aplikazioetan; adibidez, espazio-ontzien, sateliteen edo hegazkin militarren hozteko unitateetan eta energia-sorgailuetan. Ikertzaileen ustez, ordea, askoz aplikazio gehiagotara heda daiteke. Izan ere, berez tresna termoakustikoak nahiko sinpleak dira, eta oso merke egin daitezke.

SCORE eta organoen hodiak

Beroa, hotza eta elektrizitatea, hirurak lortzen dira honen bidez.
(Argazkia: SCORE)

SCORE proiektuan hasieratik bilatu dute tresna merkea eta erabilgarria izatea. Horregatik ez du behar, adibidez, elektrizitaterik funtzionatzeko. Izan ere, garabidean dauden herrialdeetan, sarritan hirietan bakarrik dute elektrizitate-hornidura, eta, horietan ere, ez denek. Beste leku gehienetan, zura erretzen dute energia lortzeko. Hortaz, diseinatzen ari diren tresnak ere energia-iturri hori bera erabiltzen du: zura.

Zura erretzen denean, berotu egiten da gasez betetako hodi bat. Gasa hedatuta dago alde beroan, eta, hortik, alde hotzera mugitzen da. Hoztean, berriz, gasa konprimitu egiten da. Orduan, hodiak bibratu egiten du, organo baten hodiak egiten duen bezalaxe. Horrek presio-uhin akustikoak sortzen ditu, eta uhinak elektrizitatea lortzeko balia daitezke. Prozesua bozgorailu batek seinale elektrikoa bibrazio bihurtzeko egiten duenaren alderantzizkoa da.

Elektrizitatea sortzeko ez ezik, hozteko ere balia daitezke uhin akustikoak. Hain zuzen, uhinen bidez, beroa xurgatzen duen motor bat jar daiteke martxan, eta, hala, hozkailu gisa funtzionatzea lortzen da.

Azkenik, zura erretzean sortzen den beroa janaria prestatzeko erabil daiteke, edozein su tradizional bezala. Hozkailua eta sua elkarri lotuta daude, kea daramaten hodien bitartez, baina bata bestetik urrun daude, suaren beroak ez dezan hozkailuan eragin. Aipatzekoa da elektrizitatea sortzeko eta hozkailua hozteko sistemak martxan egon behar duela; alegia, ezinbestekoa da sua piztuta izatea.

Edonoren esku

Edonork egiteko eta konpontzeko modukoa izatea nahi dute.
(Argazkia: SCORE)

Oraindik garatzen ari badira ere, proiektua nahiko aurreratua dago. Hala ere, ikertzaileak berak konturatzen dira ezin direla aldendu lehen helburutik, eta ezin duela oso tresna konplexua izan. Hau da, guztiz eraginkorra izatea baino hobe da merkea eta sinplea izatea, ahal bada, norberak egiteko eta konpontzeko modukoa.

Erabilerraza eta eskuragarria izango dela bermatzeko, lekuan lekuko jendearekin harremanetan jartzen ari dira, haien ekarpenak biltzeko eta, guztien artean, helburua betetzeko. Izan ere, proiektua bultzatzen eta ikertzen ari direnak Britainia Handiko unibertsitateko zientzialariak badira ere, erabiltzaileak handik oso urruti daude, eta ez geografikoki bakarrik.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia