Uhinen azpiko intelektualak
2001/05/13 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Olagarroek eta txibiek kolokan jarri dute ugaztunok dugun adimenaren monopolioa. Itsaso sakoneko malgutasun handiko izaki horien ahalmenak ez ditugula ezagutzen aitortu behar da.
Testu hau irakurtzen ari zarela, beharbada, taberna bateko mahaian eserita zaude, txipiroiak jaten. Gainera, mokadua eskatzera hurbildu zarenean, galiziar erara prestatutako olagarroa topatu duzu barran, bezeroa tentatzeko jarrita tentagarri modura. Bai goxoak limoiz zipriztindu dituzun puska zuriak.
Txipiroiak eta olagarroak erraz harrapatzen dira. Ez dirudi oso azkarrak direnik. Dena dela, biologoak erabat harrituta dituzte. Azken urteetan egindako esperimentuetan, jokabide aipagarria izan dute zenbait olagarrok. Telebistako erreportajeetan ikusi izan ditugu trebezia erakusten. Are gehiago, gauzak ikasteko gaitasuna dutela frogatu dute. Adituek esan dutenaren arabera ez da inongo lelokeria izan. Beren ikasteko gaitasuna ez da zientzialariak suntsituta utzi dituen gauza bakarra, imitazioz ikasteak ere txunditu ditu.
Jolastuz ikasi
Laborategiko olagarroek (termino horrek zentzurik ba al du?) inguruko kideak egiten dutena ikusita ikasi dute, hau da, beste olagarro batek egindakoa nahi duen guztietan errepika dezaketela erakutsi dute. Adibidez, pilota gorri bat harrapatzen eta zuria baztertzen ikasi du batek. Koloreak ez ezik, gauzen tamaina, itxura eta distirak ezberdintzen dituen animalia da.
Esperimentuak eztabaida eta gogoeta sakona sorrarazi du. Olagarroek gaitasuna erakutsi dute. Baina etologoek, animalien portaera aztertzen duten zientzialariek, ez dute ulertzen zefalopodo batek zertarako behar duen gaitasun hori. Olagarroak oso animali bakartiak dira. Izan ere, kopulatzeko bakarrik elkartzen dira.
Zefalopodoen eta ugaztunen garunek ez dute zerikusirik. Bakoitzak bere bide ebolutiboa egin du eta, beraz, egitura ezberdina dute. Baina horrek ez du esan nahi ugaztunak ahalmen gehiago ditugunik. Adituen arabera, behaketaren bidez ikasteko ahalmenak frogatzen du zefalopodoak oso adimentsuak direla. Neurobiologiak erronka berria du. Olagarroak ez ezik, txibiak, txokoak eta nautiloak aztertu behar dira. Hala eta guztiz ere, hainbat zientzialariren ustez, olagarroak eta txibiak oso animalia xarmangarriak direnez, dituzten ahalmenak askotan handizkatu dira. Txibia handien begirada adimenarekin lotzeko traba gutxi izan dira.
Gorputzaren xarma
Zefalopodoak ez dira biologoak soilik liluratu dituzten animaliak. Ondo pentsatuta, naturaren diseinu aparta dira. Moluskuak dira, baina txirlak edo bareak baino askoz erakargarriagoak dira. Horien arteko zaharrena nautilo da, garai bateko lekuko bizia. Beste guztiak zorrotada bidezko propultsioz mugitzen dira, janaria ehizaren bidez lortzen dute, tinta jariatzen dute eta etsaien aurka defentsa-sistema eraginkorrak erabiltzen dituzte.
Zentimetro bat baino txikiagoak eta 18 metrokoak, tamaina guztietakoak topa daitezke itsasoan. 700 espezie inguru ezagutzen dira eta ozeano guzti-guztietan daude. Batzuk azaletik oso gertu bizi dira eta beste batzuk 7.000 metroko sakoneran, guk dakigula. Zalantzarik gabe, txibi erraldoiak dira ikusgarrienak eta, aldi berean, oso gutxitan ikus daitezkeenak. Izan ere, oraindik ez da bat ere bizirik harrapatu.
Itxuraz xelebreak dira animali horiek. Izena, adibidez, garroak buruari lotuta dituztelako eman zaie. Gizakiak askotan eredutzat hartu ditu eta, gainera, naturan barietate handia dago. Txibiak, adibidez, neurona-itxurako izakiak dira, garro-pare bat luzeagoa dutenak ondoko neuronarekin lotura egiteko axoia izango balitz bezala. Txokoa, ordea, itsaspekoen itxurakoa da
Oso zentzumen garatuak dituzte zefalopodoek. Ukimena, dastamena eta usaimena garatu dituzte. Grabitatearekiko oso sentikorrak dira; horrela, muskuluen koordinazio ona lortzen dute. Batzuek entzumena ere badutela ikusi da. Txokoek ile txiki pila dituzte gorputzean uraren mugimenduetan arrainen mugimenduak ‘irakurtzeko’.
Koloretako bizia
Horrelako zentzumenak izateak, hala ere, ez du hain garun handia behar. Zientzialariek beste arrazoiren bat egon behar duela uste dute eta batzuek aukera bat eskaini dute. Kolore-aldaketa izan daiteke garun espezializatu horren helburua. Ez dago zefalopodoak bezala kolorea aldatzeko gaitasunik duen animaliarik. Azalean dituzten kromatoforoen bitartez lortzen dute. Organulutxo horiek pigmentuz betetako poltsatxoak dira. Itsas hondoan kamufla daitezke segundo batean eta edozein diseinu eman diezaieke azalari beharrezkoa zaienean. Ikertutako txokoek 35 patroi inguru aukera ditzakete, inguruaren kolore bera alde batera utzita. Bi aldeak kolore ezberdinean azaltzeko gaitasuna ere ikusi zaie.
Hainbat zientzialarik ahalmen hori zefalopodoen hizkuntzatzat hartu dute. Garunaren espezializazioaren hipotesi berarekin bat datorren azalpena da hori. Gaurko ikerketen helburuetako bat erabakiak hartzeko gaitasuna duten ala ez aztertzea da. Proba horietan animalia baten berezko jokabidea azaldu da, hau da, egoera berdinean ez dute den-denek jokabide bera. Kasurik ikusgarrienean, ikertzen ari ziren txokoetako batek ehiza egiteko teknika ikusgarria garatu zuen. Harrapakina hurbiltzen zenean, tinta jariatzen zuen eta, bertan ezkutaturik, ehizatzen zuen. Laborategiko beste edozein animaliak, ordea ez zuen halakorik egiten. Ikertzaileen ustez, garun sofistikatuaren seinalea da. Sekretu gehiago gordetzen al dute olagarroek, txibiek eta txokoek? Ahoan sartuko duzun hori, behintzat, beste duintasun batez tratatzen baduzu hobe, azkarra delako oso.
7K-n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia