Ugandako gorilak, giza-gaixotasunak jota.
2001/09/04 Elhuyar Zientzia
Ugandako mendiko gorilek (Gorilla gorilla beringei) hazteria harrapatu dute, behin eta berriro gizakiarekin harremanetan daudelako. Bwindi Impenetrable National Park babestutako gunean, egunero hamar turistako talde batek bisitatzen ditu gorilak, beti hainbat gidarik lagunduta. Badirudi gaixotasuna gizakiei beldurra galtzearen ondorio zuzena izan daitekeela, turistek, gehiegi hurbiltzeaz gain, axolagabekeriaz askotan arropa zein janariak ahanzten baitituzte inguruan eta gorilak haiekin jolasean ibiltzen baitira.
Gaixotasunaren ondorioz, dermatitisa eta ile-gabezia somatu zaie hainbat gorilari, eta azala handituta, minduta eta ezkataz beterik dute. Hau da hazteria libre bizi diren primateetan ikusi den aurreneko aldia, baina Michael Cranfield adituaren hitzetan, momentu honetan giza-gaixotasunak dira bizirik dirauten 650 mendiko gorilen arriskurik handiena. Elgorria zein tuberkulosia gorila-populazioan zabalduko balira, ondorioak suntsitzaileak izan daitezke eta espeziea arrisku larrian jarri.
Gorilak ikustera joateko bidaiek arrakasta handia dute turisten artean, eta horrek bi espezieen arteko harremanak areagotu ditu. Baina Thaddeus Graczyk parasitologoaren ustez, animalia basatietara gaixotasunak ez zabaltzeko bidea ez da turismo ekologikoa desargertaraztea, azken finean turismo-mota horrek sortzen duen diru mordoa espezie horiek kontserbatzeko baliagarri gertatu baita. Izan ere, gorilak ikusi nahi dituen turista bakoitzak 100 dolar inguru ordaindu behar izaten du. Hala ere, mota honetako izurriteak saihesteko turistei neurri zorrotzagoak ezartzea eskatu du Graczyk-ek, maiz animalia basatiak ukitzen ibiltzen baitira legez kontra.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia