Ugalkortasuna espazioan
2001/11/27 Elhuyar Zientzia
Grabitaterik ezean, gorputzak aldaketa asko sumatzen ditu: besteak beste, giharrak atrofiatu eta hezurrak hauskorrago bihurtzen dira. Orain, NASAk egindako ikerketa bati esker, espazioan sortzen den beste arazo bat ezagutu da: grabitaterik gabe, espermaren portaera ez da Lurrean bezalakoa. Ugalkortasunari nola eragiten dion argitzeke badago ere, eragina duela ez dute zalantzan jartzen.
1988an zezen-espermaren jokaera aztertu zuten ESAren kohete batean. Dirudienez, grabitaterik gabeko inguruan espermatozoideek mugikortasun handiagoa zuten; beraz, ugalkortasuna handitu egiten zela uste zuten.
NASAko ikertzaileek, ordea, itsas trikuaren espermaren jokaera aztertu dute eta gaia korapilatsuagoa dela esan dute. Egoera arruntean, espermatozoideen mugimendua fosforilazio-prozesu batekin hasten da. Ondoren, erreakzio-kate bat jartzen da martxan, eta horien artean, fosfatasa baten eraginez espermatozoidearen isatsaren mugimendua aldatzen da. Baina espazioko grabitate-ezaren eraginez, fosfatasaren jarduera aldatu egiten da. Horrek mugikortasuna handitzen badu ere, ikertzaileen ustean ezin da ugalkortasuna handitzen denik ondorioztatu. Izan ere, fosfatasaren jarduerari eragiten badio, beste entzimen jarduera ere alda daiteke, eta ugalkortasunean entzima askok hartzen dute parte.
Ikerketa horretan hipergrabitateak (adibidez, kohetea jaurtitzen denean) espermatozoideen mugimenduari nola eragiten dion ere aztertu dute, eta moteldu egiten direla ikusi dute. Nonbait, fosforilazioan aldaketak gertatzen dira, eta ugalkortasuna % 50 jaisten dela frogatu dute.
Espermatozoideak hain txikiak izanik, grabitateak hainbesteko eragina izatea harrigarria da ikertzaileen esanean. Oraindik ez dakite grabitateak nola eragiten dion zelulari, baina gizakiak espazioan denbora-tarte luzeak pasatzea nahi bada, gai horren inguruan ikerketa gehiago egin beharko dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia