}

Udaberriaren usainean, San Jose lorea

1994/03/01 Terés, Joxepo Iturria: Elhuyar aldizkaria

Udaberriaren atarian batez ere, leku heze samarretan, segabelardietan, erreka ertzetan, haltzadietan, txaradi eta baso-ertzetan, ugari izaten da landare bitxi hau. Euskal Herriko banaketari dagokionez, Kantaurialdeko zonetan askoz ere ugariagoa da Mediterranio aldean baino, 0-900 m inguruko altitudeetan.

Landare belarkara hau, tamaina txikikoa izaten da, 5-20 cm-koa, normalean ilerik gabekoa (glabroa) eta sustraian errizoma motz bat izaten du. Hostoaren azpialdea gainaldea baino ilunagoa izaten da.

Loreak nahikoa usaintsuak dira eta kopuru desberdinak azaltzen dira pedizelo baten bukaeran. Lorearen korola, hori zurbila izaten da, bere eztarria askotan puntuatua duelarik (berdexkak eta laranja-gorrixkak). Fruitua, arrautza-formako kapsula bat izaten da eta hazi ugari izaten du barnean.

Landare hau, Europako lurralde gehienetan dago. Halaber Asiako mendebaldean eta Afrikako iparraldean. Landare apaingarri gisa bere hedapena askoz ere handiagoa da, kolore bizi eta desberdinetako barietate ugari ezagutzen delarik.

Espezie hau, gure lurraldeetan, Primula elatior espeziearekin hibridatzen da, gutxitan gertatzen bada ere (Primula x digenea).

Oro har, Ipar hemisferioan 400 espezie inguru daude jenero honetakoak, Europan 30 espezie inguru azaltzen direlarik. Hauetariko dexente Alpeetan endemikoak dira, eta penintsulari dagokionez, hamar baino gehiago ez dira izango. Euskal Herrian ditugun datuen arabera, 6 espezie daude, lehenago aipatutako hibridoa barne delarik.

Espezie hau sendabelar gisa erabili izan da, nahiz normalean bibliografia espezializatuan batez ere Primula veris beste espezieko landarearen erreferentzia egin. Dena den, bi espezie hauen propietateak antzekoak dira eta aipatzekoa da substantzien artean saponina bat, primulina izenekoa hain zuzen ere, dutela. Bere hostoek C bitamina izaten dute eta errizoma da gehien erabili den landare-zatia (batez ere beste landare batzuekin batera) oro har eztula eta katarroak sendatzeko.

FITXA TEKNIKOA

San Jose lorea

Familia: Primulazeoak
Espeziea: Primula vulgaris subsp. vulgaris
Banaketa Gipuzkoa, Bizkaia eta Iparraldean: Arrunta
Araba eta Nafarroan: Bakana
Sendabelarra: Bai

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia