}

Txokoen ugalketa, Donostiako Aquariumean

2010/05/04 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Donostiako Aquariumak bi txoko (Sepia officinalis) eder izango ditu ikusgai zenbait astez. Txokoak harrapari biziak dira, eta ugalketa berezia dute. Bizitzan behin bakarrik ugaltzen dira, eta ondoren hil egiten dira, akituta.

Aquariumak hori guztia gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen du. Hain zuzen, akuarioetako bat espresuki egokitu du espezie horretako bi ale ederrentzat. Gainera, bertan jaioko diren txoko txikiak ikusteko beta ere izango du laster bisitariak.

Oso aktiboak dira sexualki, eta portaera zein itxura-aldaketa ugari izaten dituzte. Arrak zebrena bezalako kolorea du bizkarraldean, eta, arrosa sabelaldean. Ugal garaian, emearen alboan egiten du igeri tentakuluekin hura ferekatuz, eta ernaldu egiten du, emeak onesten duenean, beso kopulatzailearen bidez hazi-kapsula txertatuz. Ernaldu ostean, bikoteak elkarrekin jarraitzen du, minutu batzuen ostean emeak arrautzak erruten dituen arte (500en bat erruten ditu).

Ar anitzekin kopulatzen dute txoko emeek, ondorengotza bermatze aldera. Eta, jardun horrek eragindako nekearen ondorioz, hil egiten dira ugaldu bezain pronto.



Argazkia: Donostiako Aquariuma

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia