Txipak nanopartikulekin estaltzeko metodo merkea
2002/12/16 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Urre puruak dituen ezaugarriengatik oso metal egokia da txipen konexio-puntuetan erabiltzeko. Hala ere, hain purutasun handiko urrea ez da erraz lortzen, eta oso garestia da. Naturan aurki daitekeen urrea gatzei lotua egoten da normalean, eta oso purutasun txikia du.
Orain, Purdue unibertsitateko ikertzaile batzuek gatzei lotutako urre hori txipetan erabiltzeko metodo bat asmatu dute. Ikertzaileek ikusi dutenez, urredun gatza soluzio likido batean disolbatuz gero, nahikoa da silizezko txipak soluzioan bustitzea gatzetik askatutako urrezko nanopartikula puruak bertara itsasteko. Zenbat eta denbora gehiago eduki txipa soluzioan, orduan eta urre gehiago itsasten da.
Horrela, hondakinetatik lortutako urrea ere aprobetxa daiteke txipak egiteko eta, ondorioz, gastuak izugarri gutxitzen dira. Gainera, metala oso modu berezian itsasten da txiparen gainazalera. Ez du gainazal leuna sortzen, latza baizik; izan ere, metala modu oso irregularrean banatzen da gainazalean. Horrek txiparen azalera asko handitzen du, eta molekulak atxikitzeko leku gehiago sortzen da.
Ikertzaileek, hori ikusita, ikerketan pauso bat gehiago eman dute. Dirudienez, horrelako gainazala duten txipak molekula organikoak lotzeko egokiak dira. Gai toxikoekiko erreakzionatzen duten molekulak txipera itsatsiz gero, biosentsoreak egin daitezke.
Jakina da molekulek erreakzionatzen dutenean truke elektriko bat gertatzen dela. Molekulak txip batean badaude, txipeko metalek aldaketa hori sumatu eta transmiti dezakete. Horrela, gas toxikoren baten edo kutsatzaile organikoren baten aurrean molekulak erreakzionatu eta txipak seinalea bidal dezake, arriskua dagoela abisa dezake.
Asmakizuna oraindik ere fase esperimentalean dagoen arren, badirudi erabilera bat baino gehiago izan dezakeela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia