Txipak magnetikoki hozteko teknologia berria
2013/02/20 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
CIC nanoGUNEko ikertzaileek txipak magnetikoki hozteko teknologia berri bat garatu dute, materialen tentsioan oinarritua. Aurrerapen horri esker, egungo teknologiek baino inpaktu txikiagoa izango du ingurumenean. Nature Materials aldizkarian argitaratu berria da lana.
Egungo hozte-sistemek (hozkailuek, izozkailuek edo aire girotuaren aparatuek) gas baten konpresioa eta espantsioa erabiltzen dituzte. Sistema hau, ordea, kaltegarria da ingurumenarentzat, eta, gainera, erabiltzen diren konpresoreek eraginkortasun txikia dute.
Gaur egun ikertzen ari diren aukera nagusietako bat hozte magnetikoa da. Gasaren ordez material magnetiko bat erabiltzean datza, eta, konpresio/espantsio zikloen ordez, imanazio/desimanazio zikloak. Hozte magnetikoa efektu magnetokalorikoan oinarritzen da, hau da, material batzuek eremu magnetiko bat aplikatzen zaienean beren tenperatura aldatzeko duten gaitasunean oinarritzen da. Hala ere, eremu magnetiko bat aplikatzeak arazo ugari eragiten ditu egungo gailu teknologiko miniaturizatuetan (txip elektronikoetan, ordenagailuko memorietan…), eremu magnetikoak eragin negatiboa izan baitezake hurbileko unitateei eragitean. Hori dela eta, funtsezkoa da magnetizazioa kontrolatzeko modu berriak bilatzea.
Magnetismoa eremu magnetikorik gabe
nanoGUNEko Luis Hueso, Andreas Berger eta Odrej Hovorka ohartu dira, materialen tentsioa erabiliz, alde batera utz daitezkeela eremu magnetiko bat aplikatzearen arazoak. “Materiala tenkatuz eta erlaxatuz, eremu magnetikoarenaren antzeko efektu bat sortzen da, eta, hala, hoztea eragiten duen efektu magnetokalorikoa induzitzen da”, azaldu du Luis Huesok, nanoGUNEko nanogailuen taldeko buru eta ikerketa honetako ikertzaile nagusiak.
“Teknologia berri honi esker, hozte-metodo lokalagoa eta kontrolatuagoa eduki dezakegu, gailuaren gainerako unitateei kalterik egin gabe”, gehitu du Huesok.
Lantanoz, kaltzioz, manganesoz eta oxigenoz (La0.7Ca0.3MnO3) osatutako 20 bat nanometroko film batzuk garatu dira. Huesoren arabera, “ikerketa-alor honen helburua da material eraginkorrak, ekonomikoak eta ingurumena errespetatzen dutenak aurkitzea”.
“Ideia Cambridgeko Unibertsitatean sortu zen, eta, Erresuma Batuko, Frantziako, Ukrainako eta Euskal Herriko hainbat talderen artean, txip elektronikoak, ordenagailuko memoriak eta mikroelektronikaren aplikazio-mota horiek guztiak hozteko teknika eraginkor bat eta material egokia aurkitu ditugu. Teknologikoki, ez legoke inolako oztoporik hozkailuetan, izozkailuetan… erabiltzeko, baina, ekonomikoki, ez du merezi, tamaina dela eta”, azpimarratu du Huesok.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia