}

Tximisten adarkatzea ‘argitu’ da

2002/04/10 Elhuyar Zientzia

Tximisten adarkatzeak badu zerikusirik ibaien bidearekin. Hori ikusi du Amsterdamgo ikertzaile-talde batek.

Naturaren jokamoldea nahiko berdintsua da zenbait kasutan. Basamortuko dunen eta zebren marren banaketa, esaterako, nahiko berdintsuak dira, itxuraz behintzat. Tximistak, elur-malutak, ibaiak eta gorputzaren zirkulazio-aparatuak ere badute zerikusirik. Izan ere, "Lurraren zainak" deitu zien Leonardo da Vincik ibaiei.

Baina antzekotasun hori ez da halabeharrezkoa. Sakoneko arrazoia Amsterdamgo ikertzaileek aurkitu berri dute, ordenagailu bidez eginiko simulazioak erabiliz. Izan ere, prozesu horietan agintzen duten ekuazio matematikoak berdinak dira.

1980ko hamarkadan, Hazkunde Laplaziarra identifikatu zuten zientzialariek. Horren bidez, bi substantziaren arteko mugan gertatzen diren adarkatzeak azal daitezke, baita tximisten kasuan gertatzen dena ere. Tximistak elektrikoki kargatutako gas-zutabeak dira eta beste substantzia batean zehar hedatu behar dute; beraz, ildo horretatik jo dute ikerkuntzan, eta ondorioztatu dute Hazkunde Laplaziarrak agintzen duela tximisten hedakuntzan.

1984an txinparta elektriko adarkatuen eredu sinplea garatu zen Suitzan, baina azken lan honen berrikuntza nagusia da aire ionizatuan higitzen diren ioi eta elektroi askeen formazioa eta mugimendua izan direla abiapuntu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia