}

Tximistak ozono-sortzaile

2003/03/20 Elhuyar Zientzia

Tximisten eraginez, uda-partean askoz nitrogeno oxido eta ozono gehiago izaten da atmosferaren goi-partean. Hurrenez hurren, % 90 eta % 30 handitzen dira konposatu horien kantitateak. Horrek esan nahi du atmosferaren geruza horretan tximisten eragina gizakiarena baino handiagoa dela.

Oro har, giza jarduera da nitrogeno oxidoen iturri nagusia. Baina nitrogeno oxido hori, batik bat, atmosferaren beheko geruzetan pilatzen da, eta Lurretik gertu sortzen da ozonoa, kasu horretan poluitzailea. Izan ere, atmosferan goraxeago dagoenak izpi ultramoreetatik babesten gaituen arren, behealdekoa kaltegarria da ingurumenarentzat eta osasunarentzat.

Baina, antza, atmosferaren goiko geruzetan tximisten eraginez sortzen da nitrogeno oxido eta ozono gehien. Gizakiak sortutako gehiena gora iritsi aurretik kontsumitzen da.

Texasko Unibertsitateak eta NASAk egin dute ikerketa, eta, ikertzaileen arabera, tximistek sortutako nitrogeno oxidoaren kantitatea kontuan hartzeko modukoa da. Estatu Batuetan urtean sortzen denaren % 5 baino ez da, baina atmosferaren geruza horretan eragin handia du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia