}

Tximeletak eta sitsak sarean

2003/03/05 Elhuyar Zientzia

Intsektu guztietatik, ziurrenik tximeletak eta sitsak ikertu dira gehien. Hala ere, zientzialariek ez dute orain arte katalogo osatu bat egitea lortu. Eta ez da harritzekoa, mundu osoan gutxi gorabehera 137.000 espezie baitaude.

Orain, Britainia Handiko historia naturaleko museoak eta Essex Unibertsitateak tximeleta- eta sits-espezieak behar bezala katalogatzeko pauso bat eman dute. VIADOCS egitasmoaren barruan, zenbait museotan bilduta dauden espezieak katalogo informatiko batean sartu dituzte. Horretarako, programa berezi bat sortu dute. Arduradunen esanean, museoetako artxiboetan dagoena datu-basean eskuz sartzeko 430 urte beharko lirateke. Programa horrekin, aldiz, lan hori hiru urtean egitea lortu dute.

Datu-basea Interneten jarri dute; horri esker, adituek tresna baliagarri bat dute eskura, eta, noski, zaleek ere mundu osoko hainbat eta hainbat espezie ikusteko aukera dute. Katalogoa ikusteko, egin klik hemen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia