Txikia bezain handia

Daphnia pulex ur-arkakusoaren genoma sekuentziatu dute Indianako Unibertsitateko John Colbourne proiektu-arduradunak eta nazioarteko ikerketa-talde batek. Lehenengo aldia da krustazeo baten genoma sekuentziatzen dutela.

Ur gezatako arkakuso txiki horrek gene ugari ditu; orain arte sekuentziatutako beste edozein espeziek baino gehiago. Gainera, geneen herena baino gehiago Daphnia familiakoak dira. Ikertzaileek uste dute gene horiek direla arkakusoak ingurune ezberdinetara egokitzeko duenahalmenaren erantzule.

Ur-arkakuso horiek gardenak dira, bizi-ziklo laburra dute eta erraz klona daitezke. Halaber, erraz erantzuten die inguruneko aldaketei. Esaterako, buztanean babes-arantzak eta lepoan zenbait hortz garatzen dituzte harrapari batzuek isurtzen dituzten substantzia kimikoei aurre egiteko.

Ikertzaileen esanean, organismoek, bereziki ur gezatakoek, ingurumeneko aldaketen aurrean nola erantzuten duten hobeto ulertzen lagunduko digu genoma hori sekuentziatzeak.

Irudia: Paul D. N. Hebert/University of Guelph.

Kortabitarte Egiguren, Irati

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali