Txibia arrautzak zaintzen
2005/12/15 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Txibiek itsas hondoan utzi ohi dituzte arrautzak errun eta gero. Baina ikusi dute Gonatus onys espezieko txibiak besoetan hartuta eramaten dituela, babesa emateko. Eta ez dira bat edo bi: milaka arrautza dira!
Txibia-espezie hori arrunta da Ozeano Pazifikoan eta Atlantikoan, baina, hala ere, ez zen inoiz ikusi arrautza-multzoa zeramala. Harraparientzat are eta jaki preziatuagoa da txibia arrautzak badaramatza eta, hori dela eta, sakonera handietara jaisten omen dira, harrapari gutxiago dagoen lekura.
Rhode Island-eko Unibertsitateko Brad Seibel-ek eta haren taldeak harrapatu dute Gonatus onys arrautza-poltsa babesten —bost txibia ikusi zituzten, bakoitzak bizpahiru mila arrautza zeramatzala—. Aukeraz baliatu, eta irudi ikusgarri hauek lortu dituzte, eta baita bideoan grabatu ere. Horretarako, urrutitik kontrolatutako itsaspeko bat erabili zuten.
Bideoetako batean txibiak ihes egiten du; baina, bestean, gertu-gertutik ikusten dira arrautzak.
Argazkia eta bideoak: MBARI