}

Txibi erraldoiek esanda

2000/03/07 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Harrigarria da udaberri aldean txibi erraldoiek medikuengan sortzen duten arreta

Lotan gaudenean ere gorputzaren zelulek ez dute atseden osoa hartzen. Mezuak bidaltzen, elikagaiak garraiatzen eta sustantzia kimikoak leku batetik bestera mugitzen ari dira kontzentrazio arriskutsuetan metatu ez daitezen.

Gorputza geldirik dagoenean, kontsumitzen den energiaren erdia ioiak (sodio edo potasioa bezalako elementuen atomo kargatuak) ponpatzeko erabiltzen da zeluletako mintzeetan zehar. Horrela hainbat konposatu kimikoren banaketa (gradientea) kontrolatzen da.

Kimikoki babestutako sarrera

Substantziak zeluletan sartu eta atera egiten dira beste funtzio batzuk betetzeko aukeraren truke. Ordaina kimiko mota bat da. Zelula bakoitzak segundo oro milioika ioi mugitzen ditu. Behar bezala mugitzen ez baditu, bihotzeko gaitzen arriskua egon daiteke.

Gizakiengan ez ezik sodioaren eta potasioaren ponpaketak ezinbestekoak dira animalia guztien zeluletan ere. «Muga zeharkatzeko» sistema orokorra da naturan. Horregatik, Woods Hole itsas biologiaren laborategiko zientzialariek ponpaketa txibi erraldoien nerbio zeluletan ikertu dute. Ikerketaren emaitzak argitaratu berri dituzte. Aspalditik bazekiten zelulen mintzaren proteina batek hiru sodio ioi ponpatzen zituela batera. Orain prozesu hori gerta dadin proteinaren itxuraldaketak aztertu dituzte. Jokaera hori ulertzeak zelulen biziaren oinarriaren atea irekitzea dakar.

Txibi erraldoien nerbio sistemak hirurogei urtez aztertu dira, gutxienez. Besteak beste, neuronen arteko seinale elektrikoak nola sortzen diren, sare neuronalean nola garraiatzen diren eta gorputzaren pH nola kontrolatzen den ikasi da. Arrazoia tamaina da.

Txibi erraldoien axoiak ere erraldoiak izaten dira, gureak baino milaka aldiz handiagoak, eta beraz, maneiatzeko askoz errazagoak. Animalia horien organoetan beste gaixotasun mota asko aztertu dira. Adibidez, bihotzekoa, minbizia, Alzheimer gaixotasuna eta giltzurrunetako arazoak.

Zientzialarien urteroko topaketa

Udaberrian, milaka txibi erraldoi Cod lurmutur aldera migratzen hasten dira (Estatu Batuetan, Atlantikoko kostaldean, New Yorketik gertu). Ez dute inoiz atzerapenik izaten Woods Hole-ko kostaldera iristeko. Orduan ehunka txibi eta ehunka txalupa elkartzen dira ur horietan. Eta hango laborategietan ere ehunka neurobiologo elkartzen dira ikerketak egin nahian. Horien artean, ioien ponpaketa ikertu duten Miguel Holmgren eta bere lankideak. Oso urrutitik datozenak ere badaude; izan ere, Argentinatik edo Alemaniatik datoz zientzialariak udaberri eta udara osoan bertako laborategietan aritzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia