Txertaketari esker, Danimarkan ia desagertu dira umetoki lepoko minbiziaren birus nagusiak
2025/09/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Giza papilomaren birusaren kontrako txertoa birusaren infekzioak prebenitzeko guztiz eraginkorra dela frogatu dute Danimarkan. Hain zuzen, birus horren infekzioa zuzenean erlazionatzen da umetoki lepoko minbizia garatzeko arriskuarekin; eta minbizi hori da heriotza-arrazoi nagusietako bat emakume gazteen artean.
Giza papilomaren birusak aldaera asko ditu, eta, horietatik, 14 dira arriskutsuenak; bereziki, 16a eta 18a. Danimarkan, 2008an hasi ziren 13-15 urteko gazteak txertatzen lau azpimotaren kontrako txerto batekin: 6, 11, 16 eta 18. 2017an, beste zazpi aldaera gehitu zizkioten txertoari. Helburua: umetoki lepoko minbizia sortzen duten birusen % 90tik babestea belaunaldi berriak. Orain ikusi dute txertaketa zeharo eraginkorra izan dela: txertoa jartzen hasi zirenean, emakumeen % 15ak zuen 16 aldaeraren infekzioa, eta % 17k 18arena; orain, ehuneko hori % 1 baino txikiagoa da bietan.
Eurosurveillanceren aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta azpimarratu dute txertoa jaso ez zuten emakumeetan ere nabaritu dela jaitsiera. Alegia, gehiengoa txertatzeari esker, talde-immunitatea lortu da. Bestalde, lehen txertoa jaso zutenetan, beste aldaeren infekzioak handitu egin ziren. Azaldu dutenez, tipo-ordezkapena gertatu da: aldaera batzuk desagertzean, beste batzuk hartu dute tokia. Hala ere, uste dute geroko txerto osatuagoei esker besteak ere desagertuko direla.
Ikertzaileen esanean, Danimarkako esperientziak erakusten du gaixotasun baten egoera guztiz alda daitekeela, immunizazio-politika zorrotz baten bidez.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia