}

Txekeoak (II): prebentzioaren balioa

2000/04/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Txekeoa egitea da gure gorputzaren egoera orokorra zein den jakiteko modurik onena, eta sarritan baita gaitzei aurrea hartzeko edo hasierako faseetan detektatzeko bidea ere.

Gorputza sano eta osasuntsu mantentzea ez da hain lan erraza. Edozein makinarekin gertatzen den bezala —eta ez da ahaztu behar gure barrua ez dela mekanismo konplexua besterik, bertan muntaia, lotura eta kate-erreakzio ugari kontzentratzen direlarik—, erabilerak batetik eta denboraren iragaiteak bestetik, pixkanaka gure gorputza hondatu egiten dute. Dena dela, badugu puntu bat gure alde, eta honakoa da: gure bizitzaren uneren batean jasan ditzakegun gaitz asko garaiz prebenitu edo detektatu ahal izatea.

Eta nola lor daiteke hori? Ohiko kontrol edo txekeoen bidez, besteak beste. Sarritan, berrikuspen edo azterketa mediko horiek aukera ematen digute molestia edo ondoez txiki batzuk —itxuraz garrantzi gabekoak— besterik eragiten ez dituzten afekzioak edo gaixotasunak ezagutu eta identifikatzeko; kasu batzuetan gaitzak isil antzean egoten baitira "une egokia" (nolabait esateagatik, une hori sekula ez baita egokia izaten) iritsi artean, eta orduan gure osasun-egoera orokorra arriskuan jartzen baitute.

Dena neurrian, ahal izanez gero

Azken urteotan oso gai eztabaidatua izan da aldizkako kontrol horien komenientziarena (Elhuyar-en ere jorratu izan da lehendik gai hau, 60. eta 61-62. zenbakietan). Eztabaida antzuak albo batera utzita, egia da gisa horretako azterketa eta berrikuspenek ia denoi lasaitasuna eskaintzen digutela, ustekabeko erreakziorik gerta ezean, gure gorputza osasuntsu dabilela esaten baitigute. Badira, hala ere, ezer jakin nahi ez duten pertsonak, baina nire iritzian, eta baita ikuspegi mediko hutsetik begiratuta ere, arazoei (baldin badaude) aurre egitea komeni da. Jarrera pasiboak, gauzak benetan direnak baino konplikatuagoak iruditzea dakar. Horrexegatik dira mesedegarriak txekeoak, baina noski neurrian, "txekeozale porrokatu" bihurtzera iritsi gabe.

Badira berez urduri samarrak diren pertsonak, edota hipokondriakoak bestetik, proba horiek ematen dieten lasaitasunik gabe nekez agoantatzen dutenak. Hori ere ez da komeni. Nire ustez, 45-50 urtetik aurrera komeniko litzateke horrelako txekeoekin hastea, bizpahiru urtean behin hasteko, edo edozein adinetan lehendik alterazioren bat bilatu baldin badigute, hau edonolakoa izanik ere. Inolako susmo txarrik ez badago, bost urtean behin txekeo mediko osoa egitea nahikoa izan daiteke.

Prebentzioa eta diagnostikoa

XX. mendeko aurreneko hamarkadan ezarri zirenetik, eta gure egunotaraino, txekeoak errutina ia derrigorrezko bihurtu dira enpresarik gehienetan, eta horrek beti bezala eduki ditu bere alde onak eta txarrak.

Batetik, gisa horretako azterketak hedatzearen ondorioz 60 eta 70eko hamarkadetan tuberkulosia ia erabat desagertzera iritsi zen gure herrialdean. Baina errutinaz egiten diren gauza guztiak bezala, askotan txekeo horiek halako ohikeria moduko bihurtu dira sarritan, eta horrek, ezin uka daiteke eraginkortasuna jaitsarazi egin die.
Txekeoarekin zer lortu nahi da, bada? Gaixoa erabat aztertzea (eta hala izanez gero azkar gainera), gaixotasunik baduen ala ez baztertzeko, eta horrelakorik egonez gero diagnostikoa bizkor-bizkor egiteko. Txekeoan oinarrizko azterketa eta miaketa-saila egin behar da, ohiko eran, nahiz eta pertsona horrek ezer susmagarririk eduki edo azaldu ez.

Txekeoak bi eratakoak izan daitezke, zergatik egiten direnaren arabera: prebentiboak edo diagnostikoak.

  • Txekeo prebentiboa honakoa da: inolako sintomatologia itxurazkorik ez duen eta berak dioenez ongi dagoen pertsonari egiten zaiona.
  • Diagnostiko-txekeoa berriz, pazienteak molestiaren bat duela dioenean egiten duenari esaten zaio. Kasu hauetan, normala izaten da kontrol orokorra egin aurretik, zuzenean oker dabilen gauza horren bila joatea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia