}

Txekeoak (eta II): azterketa osoa

2000/05/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Aurreko zenbakian pazientearen prebentzioan eta diagnostikoan txekeoek duten garrantzia azpimarratu genuen. Oraingoan berriz, txekeo estandarrean ohizkoak diren probak zeintzuk diren ikusiko dugu.

Pazientearen historia familiar eta pertsonala egitea

Bere familian jasan diren edo une honetan jasaten ari diren gaixotasunak ezagutzeko balio du, horrela gaitzaren arrazoi sortzetikoa edo hereditarioa bilatzeko. Pisua eta altuera ere apuntatzen dira, pertsonak jasan dituen gaixotasunak, egin dizkioten ebakuntza kirurgikoak eta baita bere bizi-azturak ere (elikadura, kirolak, alkohola, tabakoa edo drogaren bat kontsumitzea, tratamendu farmakologikoak, etab.).

Berariazko proba

Analitika osoa egingo da normalean (ikusi ondoko laukia), pertsonaren egoera fisikoa nolako den jakiteko. Ahoa, begiak (edo ikusmena) eta belarriak (edo entzumena) ere aztertzen dira, tentsio arteriala eta baita biriken funtzionamendua ere, espirometria izeneko probaren bidez (sakon hartzen da arnasa eta ondoren indarrez eta ahalik eta bizkorren bota behar da, makina bati konektatuta dagoen hodi edo tutu batean zehar). Bihotzeko martxa jakiteko ere, gaur egun ia ohiko bilakatu da elektrokardiograma egitea (EKG).

Proba osagarriak

Hauen bidez baloratzen da gorputzeko organoetako bakoitza zer-nolako egoeran dagoen, edota aztertzea interesatzen diren organoak (funtzionamenduan akatsa egon daitekeela sumatzen badugu).

Egin beharreko proba-kopurua eta horien izaera ere pazienteak esaten digunaren arabera, bere adinaren arabera, jasan dituen edota une honetan jasaten ari den min eta molestien arabera, eta batez ere, gizonezkoa edo emakumezkoa izatearen arabera erabakiko ditu medikuak kasu bakoitzean.

Emakumezkoengan

Zitologia

Emakumea harreman sexualak edukitzen hasten den unean gomendatzen da proba hau egitea, bisita ginekologikoen barruan. Bizitza sexual egonkorra duenean, emakumeak lauzpabost urtean behin berrikuspen ginekologikoak egin beharko lituzke, eta umeren bat eduki ondoren, kontrol horiek, zitologia barne dela, urtero egin behar lirateke. Emakumea 50 urtera iristen denean, urtero zitologia eta pelbiseko azterketa egitea gomendatzen da, umetoki-lepoko minbizien % 60 50-60 urte bitarteko emakumezkoengan diagnostikatzen baitira.

Zer da zitologia? Papanicolau-ren proba ere esaten zaiona umetoki-lepoko zelulen azterketa besterik ez da. Horretarako diseinu bereziko tresna bat (koilaratxo moduko bat) erabiltzen da, umetokia arraspatzeko, eta horrela lortutako zelulak ondoren laborategian aztertuko dira. Prozedura horrek ez du inolako minik ematen eta segundo gutxi batzuk besterik es du irauten.

Mamografiak

Ez dago erabateko adostasunik puntu honetan adituengan. Zenbat denboratik behin egin beharko lituzke proba hauek emakumeak normalean? Zabalduenik dagoen iritziaren arabera, 35 urte inguruko emakumeari 2-3 urtero egitea gomendaten zaio, baina 40 urtetik aurrera urtero egin beharko lituzke mamografiak.

Hezurren dentsitometria

Aurreko probari buruz eztabaida bazegoen, honi buruz eztabaida are gogorragoa da, proba hau sistematikoki egin ahal izateko oso garestia baita. Emakumeari hilekoa desagertu zaionean, handik hilabetera edo, proba hori egitea gomendatzen zaie emakumezkoei hezurren egoera baloratzeko. Menopausia aurretik ez dago proba hau egitea justifikatuta, hezur-hausturaren bat ez badago behintzat, edota medikuak osteoporosiaren (edo hezurren deskaltzifikazioaren) arrastorik ikusten ez badu. Emakumea menopausian sartu ondoren, komeniko litzateke proba hau errepikatzea (zenbatean behin? Diruak agintzen du hemen). Probak ez du inolako minik eragiten, ez dauka batere arriskurik eta 5-15 minutuko iraupena du.

Gizonezkoengan

Esfortzu-proba

40-45 urtetik aurrera komeni da balorazio kardiologikoa egitea (bihotza nola dabilen ikustea, alegia). Baita hipertentsioa badauka, kolesterol "txarra" deitua altua edukiz gero, edota erretzailea edo edalea izanez gero (neurritik gora) ere. Zer esanik ez, familian patologia koronarioko aurrekariak baldin badaude.

Esfortzu-proba hori ariketaren aurreko erresistentzia-proba besterik ez da, gorputza ariketa egiten ari denean atseden-egoeran agertzen ez diren sintomak eman baititzake bihotzak. Bizikleta gainean pedalei eraginez, edota dabilen zintaren gainean ibil dadila eskatzen zaio pazienteari, pixkanaka-pixkanaka erritmoa bizkortuz. Aztertzen ari garen pertsonaren azalean (besoetan zangoetan eta bularraldean zehazkiago esanda), elektrodo batzuk jartzen dira, bihotzak une horretan duen funtzionamendua neurtzeko (elektrokardiograma egiteko). Proba bitartean tentsio arteriala ere neurtzen da.

Kolonoskopia

Proba hau heste lodia ikusi eta aztertzean datza, ea bertan tumorerik edo bestelako anomaliarik dagoen ikusteko (kolonean batik bat). Paziente askorentzat proba gogaikarria izan daiteke, zuntz optikoko tutu edo hodia sartu behar baita ipurtzuloan. Baina hesteen egoera ezagutzeko oso modu eraginkorra da. Proba hau aurrez pazienteak sintomak dituenean egiten da normalean, eta medikuak zerbaiten susmoa hartzen duenean (idorreria kronikoa, hesteetako erritmoaren bat-bateko aldakuntzak edo arrazoirik gabeko beherakoak).

Prostata

Prostata urtean behin ikertzea komeni da gizonak 50 urte bete eta gero. Odoleko analisi sinple baten bidez prostatako minbizia oso hasierako faseetan atzeman edo detekta daiteke. Zenbait kasutan ondeste-azterketa (ukitzea) eta ekografia ere egin daiteke, osagarri gisa.

Erretzaileentzat

Erretzaileek, gizonezko zein emakumezko izan, aurrez aipatutako proba horiez gain, beste kontrol batzuk ere egin beharko lituzkete beren birikak zein egoeratan dauden jakiteko. Bularraldeko plaka bat, edo baita eskaner bat ere (azken proba hau garestiagoa eta konplikatuagoa da egiteko) oso informazio egokia ematen duten probak dira, hasieran aipatutako espirometriarekin batera.

Zuk duzu azken hitza

Txekeoa egin ondoren, medikua pertsonaren osasun-egoera zer-nolakoa den esateko moduan dago, fidagarritasun-maila handiarekin gainera. Txekeoak diagnostiko-metodo egokiak dira, gaitzak detektatzeko prebentzio-sistemarik onenetakoa, baina begi-bistakoa da dena konpontzen duten panazea ez direla. Txekeoek ezin dituzte gaitzak sendatu (minbizia esate baterako), baina beste hainbat gaixotasun diagnostikatzeko oso eraginkorrak izan daitezke, eta berriro ere minbiziaren kasura itzuliz, hain bizkor ugaltzen den gaitzaren kasuan, garrantzi handikoa da garaiz detektatzea (eta horretan txekeoak oso lagungarriak izan daitezke).

Beraz, irakurle, aurrekoa irakurri baduzu, galdera bat planteatu nahi nizuke: pentsa ezazu zure gorputza automobilaren antzekoa dela. Ziur nago zure autoari aldian behin egiten diozula berrikuspen teknikoa, hobeto funtzionatuko duelakoan. Automobilari hori egiteko gauza bazara (eta baita zure sakela astintzeko ere), zeure gorputzak ez al du horiek adina (askoz ere gehiago ez esateagatik) merezi?

Ea, bada, aurrerantzean medikuei mekanikariei adina jaramon egiten diezun. Zeure gorputzak eskertuko dizu.

Nola interpretatu analisia?

Ondorengo informazioak lagundu egin dezake odoleko eta gernuko analisian agertzen diren terminoak zer diren jakiteko eta nola interpretatu jakiteko:

  • Globuluen jalkiera-abiadura (GJA). Odoleko "belozitatea". Normala baino altuagoa denean, gorputzean inflamazioren bat, infekzio bat edo gaitz neoplastikoren bat egon daitekeela esan nahi du.
  • Hemograma. Globulu gorri askok giltzurruneko edo odoleko gaitzen bat adierazten dute; baxu badaude, berriz, anemiaren adierazgarri dira. Plaketak eta leukozitoak (globulu zuriak) ere hemogramaren parte dira. Aurrenekoek odolaren koagulazioa neurtzen dute; bigarrenek, berriz, gure defentsen berri (sistema immunologikoaren berri) ematen digute.
  • Transaminasen, bilirrubinen eta fosfatasa alkalinoaren bitartez gibeleko funtzioa nola dagoen jakin daiteke (alegia, gibelean kalterik ba ote dagoen). Gehiegi egoteak hepatitisa, zirrosia edo minhoria (edo ikterizia) dagoela adierazten dute.
  • Urea eta kreatinina. Giltzurruneko funtzioaren markatzaileak dira. Batzuetan bata neurriz gain dago eta bigarrena ez (eta horrek pertsonak gutxi edan eta pixa gutxi egiten duela adieraz dezake). Bi parametroak igota baldin badaude, giltzurrun-gutxiegitasunaren seinale izan daiteke. Mailak baxuak badira, izan daiteke gibeleko inflamazio edo hanturaren bat dagoelako edo proteina faltagatik.
  • Glukosa. Maila altuegiak diabetea adieraz dezake eta kontrakoak hipogluzemia edo pankreako alterazioren bat.
  • Profil lipidikoa. Bertan sartzen dira kolesterola, triglizeridoak eta lipido totalak.
  • Azido urikoa gernuan: gehiegi badago, hezueria edo harriak giltzurrunean. Baxuegi badago, berriz, infekzioren baten berri ematen digu.
  • Odola gernuan: koloneko minbizia egon daitekeela adierazten digu. Baina ez du balio handiegirik proba hori emakumea hilekoarekin dagoen bitartean egiten bada.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia