}

Txantxiku arrunta, aita arduratsua

1991/09/01 Aihartza, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

xantxiku arrunta (Alytes obstetricans) anuru txikia dugu, txaparra, apo itxurakoa, baina guruin parotoideorik gabea, eta 4,2-4,6 cm-ko luzera izaten du muturretik uzkira.
Txantxiku arruntak Euskal Herrian duen banaketa-mapa.

Txantxiku arrunta (Alytes obstetricans) anuru txikia dugu, txaparra, apo itxurakoa, baina guruin parotoideorik gabea, eta 4,2-4,6 cm-ko luzera izaten du muturretik uzkira. Begi lateralak oso nabariak dira alde dortsalean, eta urre- edo zilar-koloreko irisa, beltzez zipriztindua, eta beginini bertikala ageri ditu. Azken ezaugarri hau oso egokia gertatzen da txantxikua identifikatzeko. Izan ere, Euskal Herriko anfibioen artean txantxikua bait da beginini bertikala duen bakarra.

Azala zimurra du alde dortsalean, eta bikortsua alde bentralean. Kolorazioari dagokionean, aldakorra izan daiteke oso oro har, eta alde dortsalari begira, kolore gris edo arreak (batzuetan hori-berdeskak, ilunak edo argiagoak) izaten dira nagusi. Alde bentrala berriz, gris argia, zuria edo horiska izan daiteke; orbainik gabea.

Anfibio honen aktibitatea, ilunabarrean hasi eta gauean zehar mantentzen da. Egunez, eta euririk egiten ez badu behintzat, zuhaitz edo harri azpitan, arteka natural edo artifizialetan, hormazulotan, edo mehategi eta kobazulotan ezkutatuta egoten da. Jokabide hau animaliak hezetasuna mantentzeko duen beharrarekin erlazionatutako moldapen etologiko gisara ulertu behar da. Izan ere, eskualde menditsuetatik kanpora diskoglosido txiki hau nekez ikus daiteke, eta habitat idorretan ez da ageri.

Azala zimurra du alde dortsalean, eta birkortsua alde bentralean.

Sarritan, lorategietan eta beste giza eraikuntzetan aurki daiteke, hala nola trenbide ertzetan, kale bazterretan, eta abarretan. Adibide modura, Deustuko trenbideetan —Bilbon—, populazio sendo eta iraunkorra ikusi ahal izan dugu azken urteotan, eta ugal garaian (martxotik urria bitartean) ia egunero entzun daiteke txantxikuak egiten duen kantua. Kantu hau pip musikal leuna izaten da, apo-hontzak (Otus scopsak) egiten duenaren antzekoa, eta ilunabarrez nahiz gaueko lehen ordutan somatzen da batez ere.

Txantxikua harrapakaria da, eta bere harrapakinak intsektu txikiak, zizareak eta bareak dira. Bestalde, bera ehizatzen duten etsaiengandik ihes egiteko defentsabideak ere baditu: alde batetik, txantxikuaren kolorazio kriptikoak ikustezin bihurtzen du etsai posible askorentzat, eta bestetik, eta anfibio ugaritan gertatzen den modura, azala guruin pozoitsuz hornituta dauka. Jaria ditzakeen toxinei baratxuri-usaina darie, eta ondorioz, txantxikuari berari ere usain horixe dario askotan.

Arrak, lehorrean ernaldutako arrautzak, atzeko hanketan trabatuta eramaten ditu eklosioa gertatu artean.

Animaliatxo hau anfibio lehortarra dugu, eta ugal garaian baino ez da uretara hurbiltzen. Joera lehortar honen ondorioz, eta hau baimentzearren, txantxikuak zenbait moldapen jasan du bere etologian eta ugalketa-ereduari dagokionean. Bere biologiaren alderdi deigarriena, ugalketari dagokiona da; beste edozein anfibiorengandik bereizten bait du. Izan ere txantxikuak ez ditu arrautzak uretan erruten; baizik eta arrak, lehorrean ernaldutako arrautzak, atzeko hanketan trabatuta arrastaka eramaten ditu eklosioa gertatu artean.

Errunketa eta ernalketa honela gertatzen dira: emea topatuz gero, arrak anplexu lunbarrez harrapatzen du, hau da, emearen bizkar gainera igotzen da, eta, aurreko hankez baliatuz, atzeko hanken aurretik eusten dio emeari. Ondoren, atzeko hankez, erritmikoki jo eta igurtzi egiten du emearen kloaka, mugimendua behin eta berriro errepikatuz. Prozesuak, osotara, 40-90 minutuko iraupena izaten du. Orduan, atzeko hankez emearen kloaka zapaldu egiten du, hankak ia bertara sartuz, eta 20-100 arrautza horiska handi samar kanporatzea lortu arte.

Enbrioiak garatuta daudenean, eklosioa gertatzen da, larbak bizimodu akuatiko askeari ekingo diolarik.

Honela errundako arrautzak lehorrean garatzeko moldatuta daude, eta gainerako anuru gehientsuenetan ez bezala, likidoz osatutako ganbara kapsularra garatzen da arrautza bakoitzaren inguruan, hauek errun eta berehala. Ganbara kapsular honek ur-biltegiarena egiten du, arrautzaren deshidratazioa eragotziz. Arrautzak bestalde, zorro luze batean sartuta daude, eta lokarri bat eratuz kanporatzen dira. Une horretan, arrak ernaldu egiten ditu (kanpo-ernalketa gertatzen da beraz), eta atsedenalditxo baten ostean, arrautzez osaturiko lokarria atzeko hanketan trabatzeari ekiten dio, gerri pelbikoaren gainean sorta bat eratuz antolatzen dituen arte.

Arrautzak bizkarrean eramateak ez dirudi arraren jokabideak aldarazten dituenik, eta ez eragozpenik sortzen dionik ere. Areago, arrautzak zaintzeak lan bakarra eskatzen dio arrari, hots, gauero ura bilatu eta arrautzak denboralditxo batez bertan sartuta edukitzea, berauen ganbara kapsularrak bete daitezen.

Zapaburuen garapena, oro har, 2-3 hilabetekoa izan ohi da.

Garapen enbrionarioaren iraupena tenperaturaren araberakoa da, eta 24-44 egunez luza daiteke. Enbrioiak garatuta daudenean, eta gaueroko uretaratzea aprobetxatuz, eklosioa gertatzen da, larbak (zapaburuak) bizimodu akuatiko askeari ekingo diolarik. Lehen eklosioak gertatzen direla somatzen duenean, arrak arrautz mordoa askatu egiten du uretan.

Eklosionatu berri diren zapaburuek 14-17 mm-ko luzera izan ohi dute, eta hilabete batzuen ostean 40-80 mm izateraino hel daitezke. Zapaburu hauen garapena, oro har, 2-3 hilabetekoa izan ohi da, eta metamorfosia amaitu eta gero eratzen den txantxiku helduak 20-25 mm-ko luzera izaten du. Dena dela, garapen larbarioaren eta metamorfosiaren iraupena kanpo-baldintzen araberakoa da, eta baldintza klimatikoak desegokiak direnean zapaburuen hibernazioa ere gerta daiteke, metamorfosiaren iraupena urtebeterarte ere luzatuz. Muturreko adibidetzat, Pirinioetan, 2.400 m-tan kokatutako ibai batean aurkitutako zapaburuen adina 20 urtekoa zela frogatu da!

Euskal Herriko anfibioen artean txantxikua da beginini bertikala duen bakarra.

Txantxiku arrunta, Europan, hegomendebaldeko eskualdean aurki daiteke, eta Afrikan Marokkon. Hala ere, eta Iberiar penintsulan erdialdetik behera, 1.000 m-tik gorako altitudeak dituzten eskualde menditsuetan bakarrik ikusi da.

Euskal Herriari dagokionean ordea, eta bertako klima hezea dela medio, ia lurralde osoan ageri dela esan daiteke, Nafarroako hegoaldean izan ezik. Izan ere, anfibio honek edozein motatako errekurtsoez baliatzeko duen erraztasunak, habitat desberdin askotara moldatzeko aukera eskaini dio. Beraz, espezieak populazio sendoak dauzka Euskal Herrian, eta ez dirudi berauen iraunkortasuna inondik inora ere arriskuan dagoenik.

Anfibio honen aktibitatea, ilunabarrean hasi eta gauen zehar mantentzen da.

FITXA TEKNIKOA:

TXANTXIKU ARRUNTA

ESPEZIEA:

Alytes obstetricans
FAMILIA: DISCOGLOSSIDAE
ORDENA: ANURA
KLASEA: AMPHIBIA

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia