}

Txakur garbia eta txakur gaixotua. Genealogia zaintzeko arazoak

2004/08/08 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Animaliarik onenak nahi izaten ditugu gurekin. Politenak, perfektuak, horiexek nahi ditugu gure inguruan. Ez daitezela edozeinekin elkar. Ez daitezela edozeinekin gurutza. Puru iraun dezatela. Baina zein da purutasun horren prezioa?
Lehiaketetarako bulldogak ez dira nolanahikoak; ezaugarri fisiko jakin batzuk izan behar dituzte.

Europako Batasunean izututa daude. Ingalaterran munstro bat ikusi dute, eta ez laku edo aintzira batean, erakusketa-gela batean baizik. Ez zen munstro handia, baina erabat desitxuratua zen.

Muturra zapalduta zeukan, sudurra, ia begien azpian, eta ahoaren ingurua, erabat zimurtuta. Gainera, munstroaren sorbaldak oso handiak ziren, eta bizkar-aldea zabala. Horregatik, aurreko hanka-parea indartsua izateko itxura zeukan, baina atzealdekoarekin kontrakoa gertatzen zen, aldaka oso txikiak baitzituen.

Europarrek ihes egin nahi izan zuten, baina ez zegoen hainbesterainoko arriskurik. Jakina, halako itxurarekin, munstroak ezin zuen korrika egin. Arnasa hartzeko ere ahalegin handia egin behar izaten zuen, eta, ahoko ehun bigunetan aparra pilatzen zitzaion. Beldurgarria, benetan.

Erakustaldian baziren beste hainbat munstro, oso antzekoak. Baina lehenengo hori guztietan harrigarriena zen. Eta, horregatik, erakusketaren antolatzaileek berrogeita hamar liberako saria eman zioten munstroaren jabeari. Berrogeita hamar libera esterlina! Hori bai dirutza horrelako animalia hazi eta zaindu izanagatik!

Hainbat espeziek osasun-arazo larriak dituzte; dalmaziar batzuk itsu geratzen dira.

Ez da harritzekoa europarrek gehiago jakin nahi izatea munstroari buruz. Eta jakin zuten lehen gauza izan zen ez zela munstroa; ez hura, ezta inguruko besteak ere. Txakurrak ziren. Ingalaterran asko maite duten bulldog arrazakoak. Trasteak jaso, eta kontinentera itzuli ziren bisitariak. Txosten batean jaso zuten ikusitako guztia.

Txantxa-moduan aurkeztu badut ere, Europako Batzordeak txakurren inguruan duen kezka benetakoa da, eta azkenaldian areagotu egin da. Bulldogaren kasua ikusgarriena da, zalantzarik gabe, baina badira gogoeta berbera sorrarazteko moduko beste arraza asko.

Iraungo lukete txakur horiek naturan, gizakiaren laguntzarik gabe? Noski, txakurrak hazten dituztenek baietz esaten dute, baina zalantza handiak daude. Besteak beste, ustezko bulldog puru horiek jaiotzeko zailtasun handiak dituzte, eta, askotan, zesarea egin behar izaten diete kumeek eta amak bizirik irauteko. Gainera, bihotzekoak izaten dituzte gaztetan, arnasketa-arazo larriak izaten dituzte, eta ahoko ehun bigunetan infekzioak izaten dituzte maiz. Naturala da hori guztia?

Setter irlandarrek begietan izaten dituzte arazoak.

Beste hainbat arrazatan ere arazoak agertu dira, eta zerrenda ez da laburra: dalmaziar batzuk itsu geratzen dira; pointerrek linfomak garatzen dituzte; boxerrengan bihotzeko arazoak ugariak dira; dobermanengan, odolekoak; Labrador txakurrek malformazioak izaten dituzte aldaketan; eta, adibidez, setter irlandarrek begietako arazoak izaten dituzte maiz.

Baina, orain, hau da galdera: zergatik gertatzen dira gaixotasun horiek? Genealogia edo pedigria zaintzearen ondorioa da? Beste era batera esanda, zeinek izaten dituzte gaixotasun horiek maizago, pedigria zaindutakoek edo arraza berberetako txakur 'kaletarrek'? Hori argitzeko, proiektu bat abiatu zuten aurtengo urtarrilean.

Helburua da gaixotasunen eta txakurren ezaugarri genetikoak aztertzea, eta horrekin, aurreko galderei erantzuten hastea. Egia esan, txakurrekin hasi den ikerketa beste animalia batzuekin ere has daiteke, izan ere behiak, zaldiak, txerriak eta beste animalia asko aukeratzen ditugu antzeko irizpideekin.

Ingalaterran oso kezkatuta daude txakurren arazoekin. Izan ere, 1873. urtetik Kennel Club erakundea dute, txakurrak 'hobetzeko' sortua. Baina, hobe daiteke txakur bat? Kennel Club txakur-arrazetaz arduratzen da, besteak beste txakur batzuen genealogiari jarraituz. Horrek informazio garrantzitsua ekar diezaieke zientzialariei, txakur horien ADNaren analisiak gaixotasunen ikerketan erabil daitezkeelako.

Aukeratutako arrak eta emeak gurutzatzen dituzte kume perfektuak izateko, baina egokiak dira naturaren ikuspuntutik?

Ikerketaren emaitzak udazken aldean izango dituzte. Zer gertatuko da orduan? Zer gertatuko da pedigriaren eta gaixotasunen artean loturak aurkitzen badituzte? Maskotak babesteko, Europako Batzordeak proposatu du txakurren pedigriaren zaintza debekatzea, eta herri asko daude ideia horren alde. Baina ez da oso gai erraza, kultura oso baten aurkako erabakia izango litzatekeelako. Ingalaterran dute kezkarik handiena. Kennel Clubeko ordezkariak haserre daude, eta ez dute uste bulldogarekin egiten ari direna artzain-txakur alemanarekin egingo luketenik.

Ez da eztabaida erraza, txakurrena ez ezik, beste animalien pedigria ere zaintzen baita nolabait. Eta ez dira Ingalaterran bakarrik zaintzen; arraza bereziak nonahi zaintzen dira, behiak, ardiak, txerriak, oiloak edo beste edozein abere izanda ere. Txakurrekin egin den gogoeta abere horiekin ere egin daiteke. Arazoa da gizakiak zaintzen dituen ezaugarri genetikoak ez direla izaten naturan arrakasta izango luketenak. Baina zenbaterainoko arazoa da hori?

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia