}

Tutankhamon-en lilura

2004/11/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

“Azkenean aurkikuntza zoragarri bat egin dugu Haranean; sekulako hilobia ukitu gabeko zigiluarekin. Indusketa berriro estali dugu, zu etorri arte. Zorionak...” telegrafiatu zion Howard Carter arkeologoak haren babesle Lord Carnarvon aberatsari. 1922ko azaroaren 6a zen, eta Tutankhamon-en hilobia aurkitu berri zuten.
Kairoko Museoa

Nahiz eta Tutankhamon ez izan Egiptoko beste errege asko bezain garrantzitsua historian, haren hilobia aurkitu izanak ezagun bihurtu zuen hil zenetik milaka urte igaro eta gero. Hilobia bera ere ez da gainerakoak baino baliotsuagoa. Alabaina, irekitakoan, denak liluratuta gelditu ziren, bai arkeologoak bai gizarte osoa.

Indusketaren zuzendaria Howard Carter zen, eta urteak zeramatzan Erregeen Haranean, faraoien hilobi artean lanean. Haren ametsa Tutankhamonen hilobia aurkitzea zen, baina, eremua ia guztiz induskatuta zegoenez, ez zuen itxaropen handirik. Azkenean, ordea, Lord Carnarvonen dirua eta Carterren izerdia ez ziren alferrikakoak izan.

Zorioneko pitxarra

1922ko azaroaren 4an, Carterren langileetako batek zulo bat egin zuen lurrean, pitxar bat jartzeko asmoz. Baina zuloa egitean kendu zuen harrietako bat deigarria egin zitzaion, ezin hobeto landuta baitzegoen. Pixka bat gehiago zulatu zuen lurra, eta, laster, eskailera baten hasiera zela ohartu zen. Horrela hasi zen guztia, langile haren izena historia-liburuetan agertzen ez den arren.

Erregeen haranean biltzen dira garai bateko faraoien hilobiak.
USCIA

Carterren gidaritzapean, kontu handiz zabaldu zuten zuloa, eta hurrengo egunetan induskatzen jarraitu zuten eskailera mailaz maila argitara atera arte. Hamabigarren mailan ate baten goialdea azaldu zen, igeltsatua eta zigilatua. Carterrek atearen zigilua aztertu zuen, hilobian nor zegoen jakin nahian. Baina han ez zen izenik ageri, erregeen hileta-ikurra besterik ez.

Hala ere, hura ez zen seinale txarra; hilobia garrantzi handiko norbaitena zela esan nahi zuen. Horretaz gain, eskaileraren sarrera XX. dinastiaren txabolen azpian azaldu zen; beraz, ordutik inork ez zuen han sartzerik izan, hau da, K.a. 1139. urtetik.

Atean esku-argia sartzeko adinako zuloa egin zuen, eta beste aldea txintxorrez eta harriz beteta zegoela ikusi zuen. Nabaria zen hilobia egin zutenak sarrera ondo ixten saiatu zirela. Orduan, egindako zuloa berriro estaltzea eta zaintzea agindu zuen Carterrek, eta Lord Carnarvon jakinaren gainean jarri zuen. Lord Carnarvonek berehala erantzun zion, eta azaroaren 24rako han zen, hilobia agerrarazteko abenturan parte hartzeko prest.

Ilunpetik argitara

Harrizko hilobiak lau hilkutxa babesten zituen, eta haien barruan beste hiru zeuden. Azkenekoan zegoen Tutankhamonen momia.
Arte Museo Metropolitanoa

Eskailera eta atea guztiz agerrarazi zituztenean, atearen beheko aldeko zigiluak aztertu zituzten. Haietan argi eta garbi ikus zitekeen Tutankhamonen izena. Lapurrek hilobia bi alditan irekitzea lortu zutela adierazten zuten aztarnak ere aurkitu zituzten. Baina hori milaka urte lehenago gertatu zen, eta, gainera, gero konturatu ziren antzinako lapurrak ez zirela gelaurretik aurrera pasatu.

Hain zuzen ere, huraxe zen ikusi zuten lehenengo ganbera. Lapurrek dena botata eta nahasita utzi zuten, eta ziurrenik ahal zuten guztia eramaten saiatuko ziren. Hala ere, aberastasunez gainezka zegoen. Parean hil-ganbera zegoen, eta haren aurrean faraoiaren neurri bereko bi estatua, urrez apainduta eta gorputza bikez estalita. Estatuez gain, milaka objektu zeuden: jainkoen irudiak, ohatzeak, gurdiak, ontziak, altzariak...

Gelaurrearen atzetik, hil-ganbera ireki zuten. Ofizialki ez ziren hara sartu 1923ko otsailaren 23ra arte, eta han aurkitu zutena benetan zirraragarria izan zen: urre-koloreko lau hilkutxaz babestutako sarkofago eder bat zegoen, eta sarkofago hartan beste hiru, lehen bezala bata bestearen barruan. Azkenekoan Tutankhamonen momia zegoen, aurpegia urrezko maskara batez estalita. Paretak, berriz, horma-irudiekin apainduta zeuden.

Korridore baten ondoren, gela txiki bat zegoen: altxorraren ganbera. Izen hori eman zion Carterrek. Sarrera zaintzen, Anubis jainkoaren estatua bat zegoen, eta gelaren barruan armairu dotore bat, lau ontzi kanopoekin. Ontzi haietan, momifikazio-prozesuan faraoiari erauzitako erraiak zeuden gordeta. Altxorraren ganberan beste ontzi eta kutxa asko zeuden, bitxiz, kutunez eta bestelako objektu baliotsuz beteta.

Egiptomania

Eta ez ziren hor bukatu aurkikuntzak. Gelaurreko ohantze baten atzean, zulo bat zegoen lurrean, eta Carter handik sartu zenean, beste gela bat zegoela ikusi zuen. Gela hura txikiena zen, baina bi mila objektu baino gehiago zeuden han, bata bestearen gainean pilatuta: 236 zerbitzariren irudiak, arku eta geziak, armadurak eta ezkutuak, senet jokoaren taulak eta fitxak, ohantzeak, janariak eta edariak, apaintzeko tresnak... Dena, beste bizian faraoiak ezeren faltarik izan ez zezan.

Guztira hamar bat urte behar izan zituzten hilobian zeuden altxorrak ateratzeko eta aztertzeko. Hala ere, ez zuten lortu faraoiaren bizitzari buruzko zalantza guztiak argitzea. Gainera, gertakari harrigarri batzuk tartean, faraoiaren maldizioari buruzko zurrumurru bat ere zabaldu zen. Denbora horretan, Egiptoko garai haiekiko lilura izugarria izan zen mundu osoan, eta orain ere milaka eta milaka bisitari joaten dira Kairoko museora eta Erregeen Haranera Tutankhamonen misterioak erakarrita.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia