Tuberkulosia Ingalaterran, erromatarrak baino lehen
2003/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Erresuma Batuan topatutako tuberkulosiaren lehen aztarnak erromatarren garaikoak zirela uste zuten orain arte zientzialariek, lehen mendeko hamar hezurduraren arrastoak aztertuta.

Dena dela, aspaldian topatutako beste hezurdura baten azterketaren arabera, gaixotasun hori lehenago ere agertu zen Ingalaterran. Hezurdura hori Tarrant Hilton herrian aurkitu zuten aspaldian, Ingalaterrako hego-mendebaldean; ornoetan tuberkulosiaren eragin nabarmena zuen. Hezurdura aspaldian aztertu zuen Simon Mays arkeologoak, baina orain ospe handia jaso du, karbono-14aren probaz noizkoa den argitu dutelako zientzialariek: erromatarren inbasioa baino 300 urte lehenagoko aztarna da. Beraz, tuberkulosia ez zen erromatarrekin iritsi Ingalaterrara; aitzitik, lehenagoko gaixotasuna zen Erresuma Batuko uharte nagusian.
Tuberkulosiak, birikak ez ezik, bizkarrezurra ere kaltetzen du batzuetan; kasu horietan, hezurdura aztertuta jakin daiteke gaixotasuna pairatu zuten ala ez.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia