Tropikoko bihurriak: El Niño eta La Niña
2002/04/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
El Niñok OME kezkatzen du
Aurten ere El Niño etortzeko arriskua omen dago. Hala ohartarazi zuen urte hasieran AEBetako Institutu Ozeaniko eta Atmosferikoak (NOAA), Ozeano Pazifiko tropikalean jasotako datuetan oinarrituta. Han hasten baita guztia, gero eragina mundu osora zabaltzen bada ere.
El Niñoren aurretik, Pazifikoak bere beste izenari dagokion itxura du ia: Ozeano Barea nahiko baketsu egoten da. Eguraldia hain aldakorra denez, ez da erraza egoera normala zein den jakitea, baina urte gehienetan Pazifiko ekuatorialeko klimak arau jakin bati jarraitzen dio. Ozeanoaren mendebaldean, Australiaren eta Indonesiaren inguruan, eguzkiak itsas azaleko geruza berotzen du; aldi berean, aire-masa ikaragarri handi, bero eta hezeak ehunka metro igoarazten ditu. Ondorioz, presio baxuak sortzen dira azalean. Aire-masa gorantz doan heinean, hoztu egiten da eta euritan askatzen du gordetzen duen ura. Hori da, hain juxtu, eremu horietan ohikoak diren montzoien jatorria.
Dagoeneko lehorrago eta gorago dagoen aire hori ekialdera mugitzen da atmosferaren goialdean dauden haizeek bultzatuta. Zenbat eta ekialderago, orduan eta hotzago eta dentsoago bihurtzen da, eta Ameriketako mendebaldeko itsasertzera iristen denerako, jaisteko lain astundu da. Orduan, itsas azalaren gainean presio altuak sortzen dira; ondorioz, haize alisioek berriro Australia eta Indonesia aldera eramaten dute airea.
Aire-gurpil erraldoi hori joan den mendeko 20. hamarkadan lehenengo aldiz aztertu zuenaren izenarekin ezagutzen da gaur egun: Walker-en zirkulazioa. Hain zuzen, atmosferaren behealdean haizea ekialdetik mendebaldera eta atmosferaren goialdean mendebaldetik ekialdera joaten dela jabetu zen Sir Gilbert Walker britainiarra.
Aire-masen zirkulazioaz gain, itsas azalean ere badira mugimenduak: alisioek mendebaldera egiten duten bidaia horretan, itsasoaren azaleko geruza beroa Indonesia aldera eramaten dute. Han, haizearen eraginagatik eta tenperatura altuek sortzen duten hedapenagatik, itsas maila Mexikoko mendebaldeko kostan baino 45-50 cm gorago egoten da. Bestetik, termoklina, hau da, hortik behera itsasoaren tenperatura konstantetzat hartzen den muga, 200 metrora dago.
Pazifikoaren mendebaldean, berriz, haizeak bultzatzen duen ur-masa ordezkatzeko, gaineko geruza horren azpian dagoen ur hotza azaleratu egiten da eta termoklina 50 metro ingurura dago. Itsas hondoko elikagaiak arrain-espezie askoren eskura —edo ahora— jartzen ditu goranzko mugimendu horrek. Aberastasun horri esker, Peru munduko arrantza-potentzia handienetakoa da.
El Niñoren iraultza
Zientzialariek zergatia argitu ez badute ere, jakina da 2-7 urtetik behin alisioak moteldu edo desagertu egiten direla. Hori gertatzen denean, presio atmosferikoen ohiko eredua irauli egiten da; beraz, Australia eta Indonesia aldean presio atmosferikoak gora egiten du eta Pazifiko erdialdekoa gainditzen du. Horri hegoaldeko oszilazioa deitzen zaio ( Southern Oscillation , SO), eta eredu-aldaketa berez planetaren zati horretan soilik gertatzen den arren, mundu osoari eragiten dio.
Alisioak desagertzean, Pazifikoaren ekialdeko itsas azaleko geruza ez da mendebaldera joaten; bertan gelditzen denez, gero eta gehiago berotzen da: itsas maila 25 cm igo eta tenperatura 30 ºC-ra irits daiteke. Hainbeste berotzen denean, itsas azaleko lurruna bat batean atmosferaren goialdera igotzen da. Orduan, tenperatura hotzengatik ura kondentsatu egiten da eta Ameriketako mendebaldeko kostaren gainera euri-jasa ikaragarriak botatzen ditu.
Euriteak direla eta, eremu horretan itsasoa gezatu egiten da; halaber, elikagaiak itsas hondotik gorantz eramaten zituen mugimendua geldituta dago. Peruko eta Ekuadorreko arrantzaleek ongi ezagutzen dute ondorioa: bertako ekonomian ezinbestekoak diren arrainek ur aberatsagoen eta hotzagoen bila migratzen dute, bai Txile aldera, bai Alaska aldera, hango arrantzaleen mesedetan.
Bestalde, normalean Pazifikoaren mendebaldean erortzen den ura Ameriketan bota duenez, lehorte izugarriak gertatzen dira Australia, Indonesia eta India inguruan.
Eta iraultza mundu osora zabaltzen da. Indiako Ozeanoaren hego-ekialdea hozteak presio altuko eremu bat sortzen du. Presio altuek ez diete haize hezeari Afrikako ekialde eta hegoaldera iristen uzten; beraz, toki horietan lehorteak areagotu egiten dira. Ipar Amerikan, berriz, lurrazaletik 8-12 km gorago mugitzen diren haize-lasterren norabidea bat-batean aldatu egiten da, eta Kanadatik AEBen hegoaldera joan ohi den haize hotza iparrean gelditzen da. Atlantikoak ere izaten du El Niñoren berri, beste tokietan haizeak bazterrak nahasten dituen bitartean, Ozeano Atlantikoan urakan eta ekaitz tropikal gutxiago izaten baitira.
Arreba mari-matrakaren txanda
El Niñok utzitako arrastoak hankaz gora jartzeko, bere ondotik La Niña etortzen da askotan. La Niñaren sasoian, Ameriketatik Australia aldera doazen haize alisioak indartu egiten dira. Horrela, itsas azaletik ohi baino ur bero gehiago mugitzen da mendebaldera; horrekin batera, itsas hondotik ur hotz gehiago azaleratzen da ekialdean eta termoklina ikaragarri igotzen da. Ekuadorretik Samoaraino, ia 5.000 km-ko ur-mihi hotza luzatzen da. Hau da, juxtu El Niñoren alderantzizko fenomenoa gertatzen da.
Ekialdera bultzatutako ur beroak eta haize-lasterren alderanzketak tenperatura igoarazten dute Indonesia aldean. Itsas azaleko aire bero eta hezea atmosferaren goialdera igo eta kondentsatzen denean, euriteak izaten dira. Hala, Indian montzoiak normalean baino indartsuagoak izaten dira, Australian prezipitazioak batez bestekotik gora egiten dute, Afrikako hegoaldean bestetan baino hezetasun gehiago sumatzen da, eta Kanadatik AEBetara doan haize hotza hegoalderago iristen da.
Dena dela, El Niño baino gutxiago aztertu da La Niña, eta historian zehar gutxiagotan jaso dira La Niñaren inguruko datuak. Orain ere, El Niñok kezkatzen ditu meteorologoak eta klimatologoak, baina ez da matxismoagatik, baizik eta azken hilabeteetan bildutako datuek El Niñoren hasieran egon gaitezkeela ematen dutelako aditzera.
Urtarrilean NOAAk jakinarazi zuenez, itsasoa berotzen ari den lehenengo zantzuak 2001eko abuztuan jaso zituzten Pazifiko tropikalean. Gainera, termoklina ohi baino sakonago azaltzen da Pazifiko ekuatorialeko mendebaldean. Geroago, aurreko El Niñotik ikusi ez ziren adinako hodei-multzo eta prezipitazioak izan dira erdialdeko Pazifikoan. Hori guztia, hala ere, ez da nahikoa El Niño izango ote den aurreikusteko, ezta zenbaterainokoa izango litzatekeen igartzeko ere. Baina, badaezpada ere, adi egotea komeni da.
Azken El Niñoren ondorenak
1982-1983ko El Niño mendeko latzenetakoa izan bazen ere, azkenekoa, 1997 1998koa, ez zen askoz samurragoa izan: 2.000 pertsona baino gehiago hil ziren, eta kalte materialak ikaragarriak izan ziren. Perun sekulako uholdeak jasan zituzten, herri osoak desagertu ziren uraren indarraren eraginez, eta Sechurako basamortuan aintzirak azaldu ziren.
Pazifikoaren beste aldean, Indonesia inguruan, lehorteak hilabetetan iraun zuen; Sumatran, Borneon eta Malasian piztu ziren suteak zerua iluntzeko gai izan ziren. Munduko beste toki askotara ere iritsi zen El Niñoren eragina: besteak beste, Mongolian 42 ºC-ra iritsi ziren; zikloiek eta montzoiek Magadaskar zigortu zuten; Europa erdialdean, inoiz ez bezalako uholdeek 55 pertsona hil zituzten Polonian eta 60 Txekiar Errepublikan.
Hala ere, aurretik neurririk hartu izan ez balitz, kalteak are handiagoak izango ziratekeen. Baina NOAAk lehenengo aldiz 1997ko apirilean eman zuen El Niñoren arriskuaren berri, eta hilabete geroago, Japoniako eta Australiako zientzialariek susmoa indartzen zuten datuak eman zituzten. Horri esker, Peruko iparraldeko arrantzaleek eta nekazariek eragin onuragarriak baliatu zituzten, normalean idorrak diren lurretan uzta bildu eta ohi baino ur epelagoetan bestelako arrain-espezieen harrapaketa planifikatu ahal izan baitzuten. Gainera, ibaietako urak gainezka egitea eragozteko ubideak egin ziren. Perutik kanpo, mundu osoko hainbat herrialde suteei, uholdeei, goseteei, eta izurriteei aurre egiteko prestatu ziren.
El Niñori aurrea hartzen
Umeekin gertatzen den bezala, ezinezkoa da El Niñok zer egingo duen jakitea, baina noiz etorriko den aurreikusteak erabateko garrantzia du. Iragarpenak egiteko, metodo estatistikoak eta eredu informatikoak erabiltzen dituzte klimatologoek eta meteorologoek, eta nahitaezkoa dute ahal beste informazio eskuratzea.
Informazioa biltzeko tresnarik baliotsuenetako bat TOPEX/Poseidon satelitea da. 1992tik, itsas mailatik 1.336 kilometrora dagoen satelite horrek itsas maila eta uhinen mugimenduak neurtzen ditu 10 egun irauten duen ibilbidean. Ondoren, itsaslasterren aldaketak eredu atmosferikoekin eta klimatikoekin lotzen dira.
Horretaz gain, Ozeano Pazifiko tropikalean barrena TAO/TRITON buia-sistema ezarri zen bereziki El Niñori jarraipena egiteko. 70 buiaz osatutako egitasmo hori 1994an gauzatu zen. Buia horien bidez, 500 metroko sakonera bitarteko itsasoko tenperatura, itsas azalarena eta airearena neurtzen dira, baita haizearen abiadura, presio atmosferikoa eta hezetasun-maila ere. Datu horiek zuzenean NOAAren orbita polarreko sateliteetara eta Argos satelitera bidaltzen dira; beraz, datu-bilketa denbora errealean egiten da.
Horrekin guztiarekin, eta beste behategi meteorologikoetan egiten diren neurketekin, konputagailuz egindako eredu klimatikoak elikatzen dira. Eredu horiek egin aurretik, El Niñoren iragarpenak estatistika bidez egiten ziren soilik. Hau da, iraganeko datu meteorologikoak jakinda, El Niño izateko arriskua zein egoeratan betetzen zen ikusten zen. Egoera hori berriro agertuz gero, El Niño sortzeko arriskua handitu egiten zela ondorioztatzen zen.
Metodo estatistikoaren bidez emaitzak lortzeko, ez dago kausa-efektu erlazioa jakin beharrik; probabilitate hutsean oinarritzen baita. Konputagailuz egindako eredu klimatikoek, ordea, fisika ozeanikoaren eta atmosferikoaren legeak kontuan hartuta, meteorologia aldakorra duen simulatutako mundu bat irudikatzen dute. Hasierako iragarpenak orokorregiak baziren ere, azkeneko urteotan asko findu dira eta gaur egun oso zehatzak dira. Hala ere, jarraipen-sistema gehiagoren beharra dago, ez Indiako Ozeanoan ez Atlantikoan ez baitago Pazifikokoaren antzeko behaketarako sarerik.
El Niñok badu ezer onik
Zalantzarik gabe, gertatuko denaren berri aurrez izatea mesedegarria da. Informazioak prest egotea ahalbidetzen du, kalteak ekiditeko eta onurak aprobetxatzeko. Adibidez, El Niñok izugarrizko eragina du Hego Amerikako arrantza-tokietan, beraz, Peruko, Ekuadorreko eta Txileko gobernuek arreta handiz aditzen dituzte iragarpenak.
Perun urtero egiten da nekazaritza-plana. El Niñori lotutako eguraldi-iragarpenen arabera erabakitzen da non eta zer komeni den ereitea, algodoia edo arroza. Ur- eta energia-horniketaren behar handiena non izango den ere ikusten da, eta urte horretan aproposak izan daitezkeen tokietan abeltzaintza bultzatzeko ahalegina egiten da. Brasilen, Australian eta AEBetan ere egitasmo bereziak dituzte, aldian behingo klimaren aldaketa horiek jarraitzeko eta epe motzera eta luzera horren araberako neurriak hartzeko.
Nolanahi ere, horrelako planak munduko herrialde askotan egin beharko lirateke, besterik ez bada, laguntzak nora bideratu jakiteko. Izan ere, alde batetik El Niñok meteorologiaren eta klimaren ‘globalizazioaren’ neurria ematen du, baina bestetik, hainbat fenomenorekin gertatzen denaren antzera, herrialde pobreetan kalteak nabarmenagoak dira.
Iraganak ematen duen ikasbidea
Hain zuzen, herrialde askoren memorian daude gordeta El Niñok edo La Niñak sortutako hondamendiak, eta belaunaldi batetik bestera ahoz aho transmititutako informazio hori neurriak hartzeko baliagarria izan da sarritan.
Zientzialariek, fenomenoa ikertzen hasi zirenean, Peruko biztanleen testigantza kontuan izan zuten. Ahozko erregistroa alde batera utzita baina, bestelako zantzuen bila hasi zirenean, harrituta gelditu ziren. Aztarnak hasiera batean ustekabekoak diruditen tokietan azaltzen dira: Andeetako glaziar batean jasotako lagina ikertu zuten 1993an, eta K.a. 2200. urtean sekulako euri-jasak izan zirela ikusi zuten (El Niñoren ondorioz izan ote ziren? Ikertzaileak baiezkoan daude). 1000. urtean, berriz, bereziki luzea izan zen El Niñok Arizonako eta Txileko zuhaitzetako eraztunetan utzi zuen bere arrastoa.
El Niñoren indarra agerian uzten duten bestelako aztarnak ere bildu dira: 1500. urte inguruan, inkek zortzi gizaki sakrifikatu zituzten. Antropologoen ustean, El Niño gogor bat apaldu nahian jainkoei eskainitako oparia ziren.
Argi dago, behintzat, El Niño eta La Niña ez direla atzo goizean jaiotakoak.
Etorkizunean indartsuagoa ote?
Zenbait klimatologoren ustean, El Niño gero eta sarriago eta indartsuago azaltzen da. Joan den mendeko hamar El Niño indartsuenetatik lau 1980az geroztik gertatu dira. Hori bai, ez dakite pilaketa hori halabeharrez gertatu den ala joera baten adierazgarri ote den.
Ozeano Pazifikoa hain handia izanik, ez dirudi atmosfera gradu erdi berotzeak eragin diezaiokeenik. Hala ere, batzuen ustez azalpena argi dago: El Niño ohiz kanpoko beroketaren ondorioz gertatzen da; bi hitzetan esateko, Pazifikoaren ekialdeko itsasoa gehiegi berotzen denean, beroa atmosferara mugitzen da eta euritan askatzen da. Hortaz, El Niñori esker itsasoaren eta atmosferaren arteko oreka lortzen da, hainbat urtetik behin zikloa itxi eta hurrengoari hasiera ematen baitzaio. Alabaina, Lurraren beroketa dela eta, badirudi zikloa laburtu egin dela, El Niño hasteko behar den beroa lehenago metatzen delako.
Ezinbestekoa da, beraz, klima osotasunean aztertzea. Horrek ikaragarri zailtzen ditu datu-bilketak, analisiak eta iragarpenak, baina alderdi bakoitza hobeto ulertzen den heinean, El Niñok eta La Niñak hondamendiaren ikur izateari utzi ahal izango diote.
1. Australia: lehortea eta suteak
2. Indonesia, Filipinak: uztaren galera, gosetea
3. India, Sri Lanka: lehortea
4. Tahiti: 6 zikloi tropikal
5. Hego Amerika: uholdeak, galerak arrantzan
6.Pazifikoan barrena: koralezko arrezifeen heriotza
7. AEBetako ipar-ekialdea: euriteak
8. Mexikoko Golkoko estatuak: euriteak
9. Peru, Ekuador; uholdeak
10. Afrikako Hegoaldea: lehortea, izurriteak, desnutrizioa
11. Ekialde Hurbila, batez ere Libano: hotza, elurra
12. Iberiar penintsula, Afrikako iparraldea: lehortea
13. Europako erdialdea: uholdeak.
Peruko arrantzaleek El Niño edo ‘Jesus haurra’ deitu zioten urtero Eguberri aldean azaltzen den itsas korronte beroari. Gero, zientzialariek izen horrekin batailatu zuten noizean behin Pazifikoaren ekialdean agertzen zen neurriz kanpoko fenomenoa. Denborarekin, ordea, beroketa Peruko uretatik haratago ere gertatzen zela jabetu ziren. Ordutik, berotze horrek eragiten dituen aldaketa meteorologikoak izendatzeko erabiltzen da El Niño terminoa.
Askotan, El Niñoren ondoren Pazifiko ekuatorialeko urak ohiz kanpo hozten dira. Horri El Viejo eta anti-El Niño ere deitu izan zaion arren, La Niña da gehien zabaldu eta erabiltzen den terminoa.
Bestalde, Pazifikoaren mendebaldean presioa altua zenean Indiako Ozeanoan jaistera jotzen zuela ikusi zuen Sir Gilbert Walker-ek 1923an. Presioen oszilazio horri hegoaldeko oszilazioa ( Southern Oscillation , SO) deitu zitzaion. Gaur egun, zientzialariek hegoaldeko oszilazioaren indizea ( Southern Oscillation Index , SOI) erabiltzen dute. SOIa Tahitiko eta Darwin-eko azaleko presio atmosferikoen arteko diferentzia da. SOIa baxua bada –bateko eta besteko presioen arteko aldea txikia bada– alisioak ahulak dira eta El Niñorekin lotzen da; SOIa altua bada, aldiz, alisioak ohi baino indartsuagoak dira eta La Niña hurbil dabilen seinale da.
Presio-aldaketa horiek, ordea, fenomeno zabalago baten barruan ulertzen dira, eta maila zientifikoan ENSO ( El Niño/ /Southern Oscillation ) siglak erabiltzen dira presio aldaketak eta El Niño eta La Niña batzeko: El Niño ENSOren fase beroa den bezala, La Niña ENSOren fase hotza da.
Azkenik, Steven Hare ozeanografoa Pazifikoko itsas azaleko tenperaturak aztertzen ari zela, hamar urteko berotze-hozte zikloa betetzen zutela ikusi zuen eta Pazifikoko hamarraldiko oszilazioa ( Oscilación Decadal del Pacífico , ODP) terminoa asmatu zuen 1996an. Herriko hizkeran La Madre bezala ezagutzen da, eta El Niño eta La Niña biltzen ditu.
Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) arreta bereziz jarraitzen ditu El Niñoren iragarpenak. Izan ere, El Niñoren sasoian hondamendiek eragindako osasun-kalteak ikaragarriak dira. Gainera, hondamendien ondorioz hildako edo zauritutako pertsonen kopurua gorantz doa alditik aldira. OMEren ustez, hazkuntza hori populazioa arrisku handiko eremuetan biltzen delako gertatzen da, hala nola, itsasertzean, ibai-ondoetan eta hirietan.
Bizilekua aukeratzean, inkek kontuan izaten zuten El Niño: hiriak muinoetan egiten zituzten, eta itsasertzean eraikitzen bazuten, inoiz ez ibaietatik hurbil; gainera, janari biltegiak mendian edukitzen zituzten. Horregatik diraute zutik haiek egindako eraikinek. Gaur egun, ordea, populazioaren hazkundeak noizean behin urak hartzen dituen ibai ondoetara bultzatu ditu nekazariak, lur horiek emankorragoak baitira.
Horretaz gain, El Niñok gehien zigortzen dituen eremuak, bestelako arrazoiak ere badirela medio, munduko pobreenetakoak dira. Beraz, jende asko bizi da txaboletan eta material ahulez egindako etxeetan, eta higiene- eta osasun-arazoak endemikoak dira toki horietan. Horregatik, gaixotasunak eta heriotzak erraz zabaltzen dira.
Sendagileak aspalditik zeuden harrituta hainbat tokitan malariak bost urte inguruko zikloa betetzen zuela ikusita. Duela gutxi, ordea, Indian, Venezuelan eta Kolonbian, malariaren zikloak El Niñori lotuta zeudela frogatu zuten. Hain zuzen ere, malariaren transmisioa eta eguraldia zuzenean erlazionatuta daude. Toki lehorretan, bat-bateko euriteek eltxoen hazkuntza sustatzen dute; toki hezeetan, aldiz, uholdeak dira eltxoak ugaritzeko egoera aproposa sortzen dutenak.
Dengea ere eltxoen bidez transmititzen da. Ez dago malaria bezain lotuta euriarekin, baina El Niñok eragindako tenperatura altuek birusaren transmisioa errazten dute Asiako herrialde askotan.
Eltxoen bitartez transmititzen den entzefalitis australiarra, berriz, La Niñarekin erlazionatzen da. La Niñaren eraginez, Australiaren hego-ekialdean euriteak eta uholdeak gertatzen dira, eta birus hori transmititzeko egoera aproposa sortzen da. Antzekoa gertatzen da are kaltegarriagoa den Ross ibaiko birusarekin.
Hori guztia kontuan izanda, prebentzio-neurri egokiak garaiz hartu ahal izateko, El Niño eta La Niñaren iragarpenen garrantzia nabarmentzen du OMEk. Horretarako, hondamendi naturalak, meteorologia eta osasuna batera aztertzen dituen bulego berezia du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia