Tritonen ezohiko orbita azaltzeko hipotesi berria
2006/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Tritonen orbita irregularra azaltzen duen hipotesi berri bat plazaratu du Estatu Batuetako astrofisikari-talde batek. Hipotesiaren arabera, eguzki-sistema gaztea zenean, Tritonek sistema bitarra osatzen zuen beste gorputz batekin. Baina sistema bitar hura asko hurbildu zen Neptunoren orbitara, eta Triton beretzat hartu zuen Neptunok. Aldiz, Tritonen kidea aske geratu zen.
Triton ilargia da, baina Pluton baino % 40 handiagoa, eta Neptuno orbitatzen du planetaren errotazioaren kontrako noranzkoan --atzeranzko orbita esaten zaio horri--. Horrez gainera, haren orbitak inklinazio handia du Neptunoren errotazio-ardatzarekiko. Aurretik proposatu izan dira hipotesiak Tritonen xelebrekeria azaltzeko, baina ez ziren sendoak. Hipotesietako baten arabera, garai bateko Neptunoren atmosfera oraingoa baino dentsoagoa zen, eta horrek moteldu zuen Triton, gaur egungo orbita hartu arte. Beste hipotesi baten arabera, berriz, Tritonek beste satelite baten elkarrekintza jasan zuen, eta horrek bortxatu zuen gaur egungo orbita hartzera.