}

Transplantea eta terapia genikoa diabetearen kontra

2000/06/24 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Diabetea pertsona askoren bizitza baldintzatzen duen gaitza da. Orain arte intsulina-txertoa zen gaixotasunari aurre egiteko modu bakarra; metodo eraginkorra baina esklabista. Horregatik, azken aurrerakuntzek itxaropenaren lehioa ireki diete gaixoei.

Euskal Autonomia erkidegoko biztanleen % 3,13 egunero intsulinaren menpe bizi dira. Diabetikoak dira eta euren gorputza ez da glukosa metabolizatzeko gai. Ondorioz, arazo larririk izan nahi ez badute, intsulina txerto bidez hartu behar dute. Egunean behin, bitan edo hirutan intsulina jasotzea ezinbestekoa dute odoleko glukosa-maila gehiegi igotzea nahi ez badute. Pertsona guztiek ez dute glukosa artifiziala berdin metabolizatzen eta zein ariketa egiten den, zein lan-mota egiten den edo zer jaten den, horrek guztiak eragin handia dauka eguneroko intsulina-dosiak kalkulatzeko orduan. Morrontza, beraz, izugarria da.

Diabete mota bi

Bi dira ezagutzen diren diabete-motak: 1 motakoa eta 2 motakoa.
1 motako diabeteari gaztaroko diabetea deitzen zaio, gaztetan agertzen baita, oro har. Diabete mota hori duten gaixoen areak ez du ongi funtzionatzen eta ez dira intsulina ekoizteko gai. 1 motako diabetea aldez aurretik saihesteko modurik ez dago, norberaren sistema inmunologikoak areari erasotzen dionean sortzen baita. Zergatik gertatzen den ez da jakina baina gaixoak intsulina artifiziala egunero hartu behar du. Aldi berean, dieta zorrotza jarraitzea eta kirola egitea ezinbestekoak ditu.

2 motako diabatea adineko jendeagan agertzen da eta motarik ohikoena da. Pertsona horien area intsulina jariatzeko gai da, baina gorputzak ez du behar bezala erabiltzen eta odoleko glukosa-maila igo egiten da. Ondorioz, areako zelulak hazi eta intsulina gehiago ekoizten dute etengabean eta azkenean gelditu egiten dira. Zenbait kasutan dieta egokiak odoleko glukosa-maila erregulatu egiten du eta, beraz, gaixo hauek ez daude beti intsulinaren menpe. 2 motako gaur egungo bizimoduarekin diabetea oso lotuta dago: gaitzaren eragile garrantzitsuak sedentarismoa, gizentasuna eta lipidoetan aberats diren dietak dira, baina familiaren historiak ere zeresan handia du.

Osasunerako Mundu Erakundeak adierazi duenez, 1990. urtean 30 milioi diabetiko zeuden munduan. 10 urte geroago kopurua boskoiztu egin da eta 2010erako 250 milioi diabetiko izango direla iragarri da. Baina zabaltzen ari den gaitza izateaz gain, ikertzen den gaitza ere bada eta badirudi azken boladan emaitza itxaropentsuak lortu direla.

Kanadako ikertzaile-talde batek, esaterako, transplantearen bidea jorratu du eta arrakasta izan du. Teknika 1 motako diabetea tratatzeko erabili dute; hau da, area hondatuta dagoenean agertzen den diabete mota tratatzeko. Bederatzi eta berrogeita hamalau urte bitarteko 7 gaixori are osasuntsuen Langerhans-en irlak (intsulina jariatzen duten zelulak) transplantatu dizkiete. Zelulak gaixoaren barruan ugaldu egin dira, intsulina jariatzeari ekin diote eta ia urtebeteko jarraipena egin ondoren, oro har, ez dute kanpo-intsulinarik behar izan. Zazpiek segituan gainditu zuten egunero intsulina hartzeko beharra, nahiz eta irla kopuru txikiena jaso zutenek aldizkako intsulina-dosiak behar izan dituzten.

Errefusa gainditu

Halako transplanteak egiten lehenago ere saitu dira, baina oso emaitza mugatuak izan dituzte. Izan ere, 1990etik egin diren 267 transplanteetatik % 12,4k gainditu zuen astebeteko eraginkortasun-epea eta % 8,2k urtebetekoa. Bestelako transplanteetan bezala, kasu honetan ere arazorik larriena errefuxa da.

Langerhans-en irlak hildako emaileetatik erraz lortzen dira eta transplantea egitea ez da zaila, baina orain arte ezin izan zaio errefusari aurre egin. Hala ere, badirudi Kanadako ikertzaileek botika egokia aurkitu dutela eta, oraingoz behintzat, gaixo batek berak ere ez du errefus arazorik izan. Beraz, badirudi 1 motako diabeteari aurre egiteko transplantearen bideak aurrera darraiela, oraindik proba eta azterketa gehiago egin behar diren arren.

Gipuzkoako Diabetikoen Elkarteko lehendakari Juan Carlos Verdote, behintzat, berriarekin pozarren dago. "Badirudi orain arte lortu ez zena lortu dela, errefusa gainditzea, alegia. Ea emaitzek ildo beretik jarraitzen duten eta teknika erabat garatzen den".

Hitzok irribarretsu baino eszeptizismo puntu batekin esaten ditu, oso onak diruditen ikerketa askok porrot egiten baitute gero. "Hala ere, transplantea jaso duten zazpi gaixoek horren erantzun ona izan badute eta zelulak hildako pertsonenak direla kontuan izanik, hau da, ez direla sintetikoak, arrakasta hitza aipa daiteke" onartu zuen Juan Carlos-ek.

Teknika garatu eta Euskal Herriko Ospitaleetara ailegatzeko desiatzen daudela ere adierazi zuen, nahiz eta urte batzuk itxaron beharko diren oraindik. "Arnasketa bidez hartuko omen den intsulina noiz aterako zain geunden eta hara non are berri pozgarriagoa jaso dugu. Transplanteek aurrera egiten badute, gure bizi kalitatea asko hobetuko da; izan ere, ez baitugu ordu gutxiz behin gluzemia maila neurtu beharrik izango, ezta injekziorik hartu behar izango ere. Errefusaren kontrako pilulak hartu beharko genituzke eta orain arte bezala, dieta zaindu; baina intsulinarekiko menpekotasuna gainditzea lortuko genuke."

Geneen bidea

Transplantea ez da diabeteari aurre egiteko ikertzen ari den bide bakarra, eta oraindik ere ezer esateko goizegi den arren, terapia genikoak berri onak eman diezazkiguke.

Ikerketetariko bat Israel-en egiten ari dira eta kasu honetan ere 1 motako diabetea aztertzen ari dira. Ikertzaileen hipotesiaren arabera, gibeleko zelulak intsulina ekoizteko eraldatu litezke, horietan informazio genetiko egokia txertatuz gero.

Intsulina zein proteinaren aginduz sortzen den ezaguna denez, proteina hori kodetzen duen genea laborategiko sagu diabetikoen gibeleko zeluletan txertatu zuten eta 48 ordutan emaitza paregabeak izan zituzten. Tarte horretan saguak intsulina ekoizten hasi ziren eta odoleko glukosa maila ohiko mailara jaitsi zitzaien; izan ere, saguen gibeleko zelulen % 60 areako zelulak balira hasi ziren lanean. Probak laborategiko saguekin soilik egin dira, baina terapia genikoa diabetea sendatzeko tratamendu egokia izan litekeela argi geratu da.

Esperantzarako bi bide beraz diabetikoentzat: transplantea eta terapia genikoa. Diabetikoak ez direnentzat, berriz, bestelakoa da bidea: prebentzioa, alegia. 1 motako diabetea saihesteko modurik ez dago baina 2 motakoa saihesteko bai, ordea. Dieta osasuntsua eta ariketa fisikoa, horiek dira hurrengo mendeko izurritea izan daitekeen gaitzaren kontrako botikarik egokienak.

Hedatzen ari den gaitza

Diabetea mundu osoan eta, batez ere, herrialde industrializatuetan asko hedatzen ari da. Euskal Herria, noski, ez da salbuespena hemen ere diabetikoak gero eta gehiago dira. Osakidetzatik jasotako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko populazioaren % 3,13 diabetikoa da. % 0,2-0,3k 1 motakoa diabetea dauka eta % 2,93k, berriz, 2 motakoa.

Azken horietatik % 14 intsulina-injekzioen bidez tratatzen dira, % 56 pilula bidez eta % 30 dieta bidez. Gainera, 1 motako diabetea 2 motakoa baino hamar bider gutxiago agertzen da. 30 urtetik beherako 100.000tik 10-12k izaten dute diabete-mota hori eta 15 urtetik beherako bederatzik. Hala ere, kopuru honi diabetikoak direnik ez dakitenak gehitu behar zaizkio, hau da, 100 biztanleko 4. Nafarroa eta Iparraldeari dagokionez, zoritxarrez, ezin izan ditugu halako datuak aurkitu.

Zabalik-en argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia