}

Transgenikoak txantxarra desagerrarazteko

2004/12/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Askok esango lioke "agur" betiko dentistari. Eta, agian, AEBetako konpainia batek horretarako aukera emango du hemendik urte gutxira. Izan ere, konpainia hori teknika bat garatzen ari da txantxarrik ez izateko, eta orain lortu dute baimena teknika gizakietan probatzeko.

Gizon-emakumeen ahoan bizi den Streptococcus mutans bakterioak irekitzen dio atea txantxarrari. Bakterio horrek azido laktikoa sortzen du janari-hondarren azukrea metabolizatutakoan, eta azido horrek esmaltea kaltetzen du. Esmaltean irekitzen den zirrikitutik sartzen dira gainerako bakterioak, eta horrela azaltzen da txantxarra.

Konpainia horrek, baina, bakterioa genetikoki eraldatu du. Hartara, azido laktikoa sortu beharrean, mutazina 1140 izeneko substantzia bat ekoizten du. Substantzia horrek ez du esmaltea kaltetzen, eta, bide batez, Streptococcus mutans ez-transgenikoak desagerrarazten ditu. Horri esker, ez dago txantxarra sortzeko aukerarik.

Orain gizakietan hasiko dira probatzen, eta gutxienez lau urte iraungo du ikerketak. Hori bai, sakona izango da, musuen bidez transmititzen ote den ere ikertuko dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia