Toxikologia-txipak aurrera egiten du
2001/04/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Teknikaren oinarria oso erraza da. Ikertzaileek laborategiko animaliak gai kimikoen eraginpean jartzen dituzte eta, ondoren, zeluletatik ARN mezularia ateratzen diete, gene aktiboetan soilik ekoizten delako. Mikromatrizea, ADN-txip izenez ere ezagutzen dena, une berean milaka geneen jarduera neurtzeko gai da. Toxikoak animaliari zehazki nola eragiten dion azaltzen du gene aktiboen profilak, gene-jardueran aldaketa arruntetatik bereiz daitekeen seinalerik badago behintzat.
Orain dela hilabete batzuk, Ipar Carolinako Ingurugiro-osasunaren Zientzia Institutu Nazionaleko Cynthia Afshari ikertzaileak teknika berria probatu zuen. Toxinen aurreko erantzunean ustez garrantzitsuak diren 1.700 gene zituen mikromatrize bat erabili zuen. Horrela, gibelaren bi toxiko-mota ezagunen (fenobarbitala eta peroxisoma ugaltzaileen taldeko hiru substantzia) aztarna genetikoa lortu zuten. Gero beste laborategi bateko arratoi-ARN mezulariarekin test itsu bat egin zuten.
Bi erreferentzien gene-jarduera alderatu eta arratoiak bi toxiko-motetatik zeinen eraginpean egon ziren zuzen antzeman zuten kasu guztietan. Gainera, arratoi batzuk datu-basean ez zegoen beste osagai baten eraginpean egon zirela ikusi zuten.
ADN-txipen teknikaren zehaztasunak ikertzaileak txundituta utzi zituen. Hala ere, beraiek diotenez, oraindik asko ikertu behar da beste toxikoen eragina test genomikoekin neurtu ahal izateko, baina ikerketa horri esker pauso garrantzitsua eman da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia