Toumaï: hominidoa ala tximinoa?
2002/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Duela 6-7 milioi urte bizi izan zen Toumaï inoiz aurkitu den hominido zaharrena dela adierazi zuten joan den uztailean. Horrek, eztabaida bizia piztu du paleontologoen artean.
Adierazpenok Michel Brunet aurkikuntzaren buru izan zen paleontologoak egin zituen. Urtebetez garezurra ikertzen aritu ondoren, Nature aldizkarian argitaratu zuen horri buruzko artikulua.
Baina guztiak ez datoz bat ondorio horiekin, eta Toumaï-ren garezurraren ezaugarri batzuk tximino handien familietatik hurbilago daudela eman dute aditzera. Milford Wolpoff paleontologo estatubatuarrak, gainera, esan du Toumaï hominido bat dela ziurtatzeko bipedoa dela frogatu behar dela eta hori baieztatzen ez den bitartean Toumaï koadrupedotzat hartuko dutela.
Paleontologoen iritzi kontrajarriak ikusirik, badirudi eztabaidak luze joko duela oraindik, azterketan aurrera egiteko fosil gehiago aurkitzen ez diren bitartean behintzat.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia