Tokiko mugimendu ekologistak, gako biodibertsitatearen kontserbazio globalerako

Eukalipto-plantazio bat. Arg: Simon Burchell


Tokiko mugimendu eta talde sozioekologistak funtsezkoak dira biodibertsitatearen kontserbazio globalerako, Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS) aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera. Nazioarteko ikertzaile-talde batek egin du ikerketa, IPBES Aldaketa Eraldatzailearen Ebaluazioaren barruan, eta Ingurumen Justiziaren Atlasaren (EJAtlas) datuetan oinarrituta; eta adierazu dute, haietako askok aitortzarik jasotzen ez badute ere, industria kutsatzaileen aurkako tokiko borrokak kritikoak direla planetako biodibertsitaterik zaurgarrienak babesteko.

Azterketan ikusi dutenez, mugimendu horiek herri indigenak, nekazari-erakundeak, hiritar-taldeak, oinarrizko komunitateak eta tokiko gizarte- eta ingurumen-erakundeak biltzen dituzte, eta aurre egiten diete sektore ekonomikoek eragindako ingurumen-mehatxuei: meatzaritza, erregai fosilak, nekazaritza industriala, hondakinen kudeaketak…

«oztopotzat hartu beharrean, kontserbaziorako aliatu zilegi gisa aitortzea proposatu dute»

Halaber, baieztatu dute mobilizazio horiek funtsezkoak direla biodibertsitatearekin lotutako nazioarteko helburuak lortzeko. Hain zuzen, nabarmen laguntzen dute Kunming-Montrealgo Biodibertsitatearen Esparru Globalaren (KMGBF) 23 helburuetatik 13tan; zehazki, ekosistemen babesera, lehengoratzera eta lurraren kudeaketa iraunkorrera bideratutakoetan.

Horrekin batera, ikertzaileek agerian jarri dute mugimendu horien herenak indarkeria, errepresioa eta kriminalizazioa jasaten dituztela. Ekintza errepresibo horiek bereziki gogorrak dira lehentasun handiko kontserbazio-eremuetan eta Hegoalde Globalean; batez ere, Afrikan eta Ameriketan.

Bukatzeko, ikertzaileek hiru puntu proposatu dituzte, mugimenduei laguntzeko eta haien eragina areagotzeko. Batetik, estatuek eta nazioarteko organismoek oztopotzat hartu beharrean, kontserbaziorako aliatu zilegi gisa aitortzea. Bestetik, mugimendu horiek indartzea, baliabideak eta laguntza-sareak eskainiz. Azkenik, ekintzaileak hobeto babestea, segurtasun-protokoloen bidez, eta giza eskubideak betearaziz. Izan ere, egileen ustez, mugimendu sozioekologistak aitortzeak, babesteak eta indartzeak haien gaitasuna handituko luke, pertsonen zein planetaren mesedetan.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali