Titaniozko ahoak
2000/03/05 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Titanioa elementu kimikoa da, metalen taldekoa. 22 zenbaki atomikoa du, 22 elektroi baititu, eta bere masa-zenbakia 48a da -nukleoan dituen protoien eta neutroien batuketa 48 da-.
Titanioa duten mineralak arrunt samarrak dira. Metal honek oso dentsitate baxua eta gogortasun oso handia ditu; gainera, herdoilak ez dio kalte handiegirik egiten. Airean titanioa erre egiten da. Azken ezaugarri horren ondorioz, titanioa oso estimatua izaten da su artifizialak egiteko.
Lurrean ez ezik, titanioa meteorito batzuetan ere aurkitu izan da, eta Eguzkiaren parte ere bada. Ilargian jasotako harkaitz batzuetan ere aurkitu dute, titanio dioxido (Ti02) eran. Gure Eguzkian dagoen bezala, beste ezaugarri batzuk dituzten izarretan ere aurkitu izan da metal hau.
Aipatutako ezaugarri guztiak kontuan hartuta -oso dentsitate txikia eta gogortasun handia batez ere-, azkenaldian pisu gutxiko pieza metaliko ugaritan erabiltzen ari dira: erlojuetako korreak, bizikletak, tenisean jokatzeko erraketak, kirurgia estetikoan… eta ahoko kirurgian -hortz-haginak edertzeko edo konpontzeko lanetan-.
Artisten irrifarrea
Telebistan, aldizkarietako argazkietan eta abarretan maiz ateratzen direnek irrifar ederra izaten dute; hortz bikainaren ondorioa izaten da hori. Baliteke horietako batzuen hortzak berez ederrak izatea, baina seguru asko eta asko dentistaren aulkian orduak emandakoak direla. Titanio mordoa izango dute aho barruan.
Izan ere, titanioa pisu espefiziko txikiena duen materialetarikoa izateaz gain, biobateragarria ere bada. Horregatik gorputzak ez ditu titanioz egindako inplanteak errefusatzen, eta horregatik erabiltzen da hainbeste aho-barruak edertzeko. Gorputzarekin bezala, titanioak material ugarirekin konbina daiteke, adibidez zeramikekin, aleazio nobleekin, hainbat metalekin… eta laser bidezko soldadurekin. Laserrarekin erabil daitekeenez, hortz-haginetan egin beharreko konponketetarako oso egokia da titanioa, batetik berotzen ez duelako, eta bestetik zehaztasun handiko lanak egin daitezkeelako. Gaur egun gainera, soldatze-lan horiek guztiak erraz egiten dira, berme handiz.
Inplanteetan bereziki
Odontologiaren alorrak ikaragarri aurreratu du azken urteotan: anestesia ia ez da nabaritzen, enpasteak eta gainerako lanak minik gabe iragaiten dira… baina, aurrerapen handiena -duda barik- inplanteetan gertatu da. Inplanteena ez da asmakuntza berria, baina orain arte, inplanteak egiteko teknika eta baliabideak ez dira behar beste garatu. Inplanteen erabilera oso antzinakoa da. Egipton aurkitu diren aztarnen arabera, faraioen garaietan ere erabiltzen ziren. Aro Modernoan, inplanteak 1970ko hamarkadan hasi ziren garatzen, Ingmar Bränemark traumatologoak osteointegrazioa aurkitu zuenetik; hau da, tartean ehun bigunik ez dela, hezurra beste material bati lotzeko era aurkitu zuenetik. Horrela, hortzei sendotasun handiagoa ematearekin batera, infekzioak gertatzeko arriskua txikiagotu egin zen. Traumatologoaren aurkikuntza bitxi samarra izan zen. Hezurren zirkulazioa ikertzen ari zen untxiekin; horretarako, untxien hezurrean zuntz optikoa sartu zuen, mikroskopioaren bidez barruan gertatzen zena ikusteko. Aste batzuetara konturatu zen zuntza kentzea ezinezkoa zitzaiola, zuntz optikoa estaltzen zuen titanioak hezurrarekin bat egin baitzuen. Ordutik hona, teknika aurreratu da, eta inplanteak errealitate dira -garesti, baina errealitate-.
Inplantea galdu den hagina edo hortza anatomikoki, funtzionalki eta estetikoki ordezkatzen duen protesia da. Kokatzen diren tokiaren arabera, askotarikoak izan daitezke: Hezur barrukoak, hezurraren barruan oinarritzen direnak. Hezur integratuak, behin jarri eta gero 6 hilabetez zaindu behar dira protesi finkoa jartzeko. Hezur-Zuntz integratuak, zuntza erabilita sesio bakar batean inplantea eta behin-behineko protesi finkoa jartzen dira.
Inplanteak jartzeko anestesia lokala erabiltzen da. Inplantea jartzeak ez du minik ematen, baina jarri eta gero normalean egun bateko edo biko atsedenaldia gomendatzen dute. Errefusarik sortzeko arazorik ez dago, titanioa material biobateragarria baita. Garrantzitsuena oinarri izan behar duen hezurra osasuntsu egotea izaten da, maxilarrean ez dadila eragozpenik egon.
Dena den, inplantea jartzea ebakuntza denez, badu ebakuntza-osteko nolabaiteko errutina. 24 orduz izotza jartzea gomendatzen da eta astebetean antibiotikoak hartzea, bi egunez pureak eta abar jatea -orbaina bizkorrago senda dadin-.
Ahoa titanioz betez gero, konpontzea erabaki eta konponduz gero, hortz-hagin ederrak izango dituzu, erosoago sentituko zara hitz egitean, mastekatzean, farre egitean… baina beharbada poltsikoan ahoan baino zulo handiagoa izango duzu. Izan ere, inplanteak oso irtenbide egokia dira hortzak betiko konpontzeko, baina aldi berean oso garestiak. Titanioak horretan ez du erru handiegirik.
7kn argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia