Titanen ere, usteak erdia ustel
2005/06/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Cassini zundak hartutako irudiak aztertuta, astronomoek uste zuten Saturnoren Titan ilargian ozeanoak, deltak eta ibaiak zeudela. Gainera, atmosferan zegoen metano-kontzentrazioa ikusita, hidrokarburo-lakuak egon zitezkeela esan zuten. Egin kontu: petroliozko itsasoak ere aipatu zituzten batzuek...
Orain, ordea, hobeto aztertu dituzte argazkiak, eta ez dute inolako lakurik, itsasorik edo ibairik ikusi. Goiko argazkia NASAk lortu zuen 2004ko urrian, eta hor nabarmenduta azaltzen den irudia Titanen gertukoena da. Bada, irudietan, likidoaren ordez, sumendi erraldoi baten arrastoak aurkitu dituzte. Dirudienez, erupzio baten ondorioz sortu ziren lehen ikusitako errekak, eta litekeena da atmosferako metanoaren jatorria ere lur azpian egotea.
Nolanahi ere, argi dago oraindik ezuste bat baino gehiago eman dezakeela Titanek.