}

Tifoien dardara

2009/06/11 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Tifoiek lurrikara txikiak eragiteko indarra dutela ikusi dute AEBko eta Taiwango zenbait zientzialarik Taiwango ekialdean.

Taiwango ekialdean 2002 eta 2007 urteen artean gertatutako lurrikara txikiak aztertu dituzte zientzialariek. 20 lurrikara txiki gertatu ziren denbora-tarte horretan, eta 11k tifoiekin bat egiten zutela ikusi dute. Gertatzen dena da tifoiek atmosferako presioa txikiagotzen dutela, eta presio-aldaketa hori nahikoa dela faila bat hausteko, bai bederen Taiwango ekialdean.

Lurrikarak faila geologikoen hausturaren ondorio izaten dira gehienetan. Lurrikara bortitzetan, energia ikaragarri askatzen da berehalakoan; lurrikara txiki batek, berriz, zenbait ordu, egun bat edo pare bat egun iraun dezake.

Ikertzaileen ustez, litekeena da lurrikara txiki horiek lurrikara handiagoak eta bortitzagoak saihesteko modu bat izatea. Izan ere, lurrikara txiki horiek presioa askatzeko balbula baten gisa jokatzen dute, failen tentsioak eta abar askatuz, eta, modu horretan, lurrikara handiagoak ekidinez. Oraindik ez dago oso argi munduko bestelako zonaldeetan antzeko fenomenorik gertatzen ari den edo ez.

Irudia: NASA

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia