}

Terapia zelularra Parkinsonarentzat

2004/05/05 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Nafarroako Unibertsitateko Unibertsitate Klinikak zelula ama helduetan oinarritutako ikerketa-lerro bat zabaldu du. Zelula ama horiek neurona bihurtu eta garunean integratzeko gaitasuna izango lukete. Helburua Parkinsona duten pertsonen egoera hobetzea da.

Parkinsonen gaixotasunean zelula-multzo batzuen degenerazioa gertatzen da, eta, beraz, kontzeptualki, konponbidea galtzen diren zelula horiek ordezkatzean datza. Arazoa garunean denbora luzez bizitzeko eta bertan ondo integratzeko gai den zelula-mota egokia aurkitzean dago. Zelula-mota horrek funtzio jakin batzuk bete beharko lituzke, eta ez luke, noski, errefusik sortu behar.

Ikerketa-lerro esperimental bat abiatu dute neurona bihurtzeko gaitasuna duten eta garunean integra daitezkeen zelula ama helduetatik abiatuta. Egun, bi zelula-motarekin ari dira lanean: hezur-muineko zelula ama helduekin eta gorputz karotideoko zelulekin.

Hezur-muineko zelula amei dagokienez, lehen helburua neuronak lortzea da. Hurrengo pausoan, neurona horiek animalien garunean txertatu, eta Parkinsonaren sintomak arintzeko gai diren edo ez ikusiko dute.

Sistema motorraren berreskurapena

Beste alde batetik, hazkuntzan dauden gorputz karotideoko zelulak probatzen ari dira. Zelula horiek garunean daude, karotidaren ondoan dauden gongoiletan. Ikerketa duela bost urte abiatu zen animaliekin.

Animaliei gorputz karotideoaren agregatu zelularrak ezarri zizkieten garunean. Orain, hamabi makakorekin egindako ikerketa amaitu dute, eta ikusi dute sistema motorra berreskuratu eta onura horrek urtebete behintzat irauten duela. Makakoetan Parkinsonaren sintomak pixka bat hobetzea lortu da eta, hemendik aurreram ahaleginak onura motorrak lortzera bideratuko dira. Horretarako, zelula horiek hazten eta bereizten ari dira, ikusteko sistema motorraren berreskurapen ahalik eta handiena lortzeko horietako zeinek duten potentzial handiagoa. Hautagai batzuk badituzte dagoeneko.

Hurrengo pausoan ikusi beharko da animalien gorputz karotideoan hazten diren zelula horiek gizakien gorputz karotideoan ere badauden. Mota bereko zelulak daudela ikusten bada eta erantzun ona badago, esperimentalki tratamendu-mota hori gizakietan probatzeko modua egongo litzateke.

Ikusten denez, gizakietan aplikatzetik oso urrun dago oraindik ikerketa, eta, esan behar da, gainera, ikerketa-lerro hauek ez dutela gaixotasuna sendatuko. Baina ikertzaileek uste dute egungo tratamenduek baino emaitza hobeagoak izango dituztela. Sistema motorraren hainbat gabezia konpontzeko modua izan daitezke, eta, akaso, gaixotasuna bera hasierako faseetara buelta dezakete. Gaixotasuna zerk eragiten duen jakin arte ez da lortuko hura sendatzea.

www.basqueresearch.com

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia