Tentsiopean kolorez aldatzen den plastikoa
2009/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Haustera doazen materialak begi hutsez bereizteko modu bat izan liteke
Indar mekanikoen eraginpean jartzean kolorez aldatzen den polimero solido bat garatu dute Illinois Unibertsitateko zientzialari batzuek. Horretarako, mekanoforo esaten dieten polimero bereziak txertatu dituzte plastikoan. Molekula horiek eraztun-itxura dute, eta, indar mekanikoa jasaten dutenean, eraztunak hautsi egiten dira. Haustearekin batera, polimeroaren kolorea aldatu egiten da.
Ikerketa horren berrikuntzarik handiena izan da polimero solidoetan lortu dutela kolore-aldaketa. Mekanoforoek deskribatutako portaera izatea orain dela bi urte lortu zuten lehenengo aldiz. Orduan, baina, uretan disolbatutako polimeroekin aritu ziren lanean.
Tentsiopean daudenean kolorez aldatzen diren polimero solidoek hamaika aplikazio izan ditzakete. Izan ere, oso informazio baliagarria da jakitea plastikozko pieza jakin bat behar baino tentsio gehiago jasaten ari den edo hausteko arriskua duen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia