Teleskopioa doitzeko, izar artifiziala
2002/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lurretik espaziora begira dauden teleskopioen arazo nagusia atmosfera izaten da. Gas masa horretan dauden partikulek argiari eragiten diote, eta, ondorioz, izarrak ez dira garbi ikusten. Izarretara zuzenduta dauden teleskopioek, beraz, dardar egiten duten irudi zehaztugabeak ikusten dituzte. Teleskopio handiek bereizmen oso handia dutenez, efektu hori ez da larria distira handiko izarrekin, baina argi gutxikoek ez dituzte irudi garbiak ematen.
Arazoa teleskopioa mugituta konpontzen da, baina horretarako erreferentzia-puntu zehatzak behar ditu. Orain, Lawrence Livermore laborategiko ingeniariek, Kalifornian, erreferentzia hori artifizialki sortzea erabaki dute. Horretarako, 18 watteko laser batez izpi horia igorri dute gorantz. Horrela, lurrazaletik 100 kilometrora proiektatutako argi-puntua sor dezakete, mikrometeoritoetako partikuletan islatzen delako. Puntu hori izar batena baino pixka bat zabalagoa da.
Metodo hori Hawaiiko Mauna Kea uhartean dagoen Keck II teleskopioa doitzeko erabili dute. Teleskopio horrek itxura alda dezakeen ispilua du; ispilu hori etengabe aldatuta eta izar artifiziala erreferentziatzat hartuta, teleskopioak konpentsa ditzake atmosferaren eraginak sortutako distortsioak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia