Telekomunikazioak hankaz gora jarriko dituen zuntz optiko zuloduna
2001/03/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Zuntz optiko berriak milimetro bat baino milaka aldiz txikiagoak diren zulotxoak ditu luzera guztian zehar. Gainerakoan, dagoeneko asko erabiltzen diren zuntz optikoen antza du, adibidez, kable bidezko telebista-seinaleak eramateko erabiltzen denaren edo mahai gaineko lanparenaren antzekoa da.
Zuntz optiko zulodunak kristalezko hodi ñimiñoak kristalezko barra trinko batean ziztatuz egiten dira. Horrela, 3 cm zabal eta metro bat luze den zilindro bat lortzen dute; zilindroa berotu eta luzatu egiten dute. Emaitza zenbait kilometro luze eta 125 bat mikrometro zabal den zuntza da. Zuntz hori edozein puntutan mozten bada, zuloz inguratutako bihotz trinko bat ikus daiteke. Zulo bakoitzaren diametroa mikrometro bat baino txikiagoa izan daiteke. Gainera, zulotxoen kokapenak eta neurriak zuntzak argia transmititzeko moduan eragiten dute.
Zulotxoen kokapena eta neurria beharren arabera erabaki daitezkeenez, zuntzak komeni den ezaugarria izan dezake, esate baterako, zuntzaren bidez bidaltzen ari den argia mikrometro bateko aldea duen karratu batean bil dezake, edo ehunka mikrometroko aldea duen karratu batera eraman. Erdiko eremua txikia bada, argi-intentsitate oso txikiarekin etengailu optikoa aktiba daiteke. Hori ordenagailu optikoen garaperenako oso garrantzitsua da. Neurri handikoa bada, aldiz, potentzia handiko laser zuntzetan aplika daiteke.
Malgutasun horri esker, oraindik aurkitu ez diren aplikazio ugari izan ditzake zuntz optiko zulodunak. Esate baterako, likidoetan eta gasetan poluitzaileak neurtzeko bide berri bat ireki dezake. Likido edo gas horretan zuntz optikoa sartu eta zuntzean zehar argiaren dirdirari nola eragiten dion ikusita, poluitzaile-kontzentrazioaren informazio azkarra eta zehatza jakin daiteke.
Ikerketa batzuen arabera, zuntz optiko zulodunen antzeko egiturak atomoak bideratzeko erabili daitezke. Erdiko zulo baten inguruan, karratu moduan, beste lau zulo dituen zuntza egin zuten eta lau zuloetako bakoitzean kable bana sartu eta korrontea iraganarazi zuten. Horrela, erdiko zuloan zehar, atomoak bideratzen dituen eremu magnetiko bat lortu zuten. Hala ere, ikerketa horiek hastapenetan daude.
Zuntz optiko zulodunak gaur egun oraindik eskuragarriak ez diren arren, industriaren eskaera nabarmena da. Dirudienez, urte gutxiren buruan, zulo batzuen aldeak tarte handia irekiko du orainaldia eta lehenaldiaren artean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia