}

Telefono mugikorrak eta osasuna

1999/06/06 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa

Gaur egun 275 milioi pertsonak erabiltzen du telefono mugikorra eta lau urte barru 530 milioik erabiliko dute. Iazko Gabonetan barra-barra saldu ziren aparatu horiek Europan: 1,45 milioi Frantzian, 1,2 milioi Erresuma Batuan, 700.000 Espainian, 200.000 Belgikan, 125.000 Suedian, etab. Japonian biztanleriaren % 34,5ak du telefono mugikorra, Estatu Batuetan % 24ak, eta Frantzian % 20ak, adibidez.

Telefono mugikorrek erabiltzaileen osasunean izan dezaketen eraginaz hainbat ikerketa egiten ari da, baina azkenaldian Erresuma Batuko Bristolgo unibertsitatean Alan Preace doktoreak ondoko ondorioa atera du: telefono mugikorrak erabiltzailearen garuneko erantzun-abiadura azkartu egiten du. 21 eta 60 urte bitarteko 36 boluntariorekin proba egin du horretarako. Ordenadoreko test-multzoa, oroimen-ariketak, lastertasun-azterketak, etab. egin dituzte ezkerreko belarriaren gainean telefono higikorraren pareko emisore-hargailua zutela.

Testak egiten 90 minutu jardun ondoren, argi eta garbi ikusi da boluntarioek azkarrago erantzuten dutela emisore-hargailua piztuta dagoenean. Preece doktoreak honela argitu du arazoa: uhinek garuneko azaleko zonetako seinale elektrikoak bizkortu egiten dituzte. Hori berez gure ezagutza-ahalmenak aldatzeko faktorea da, baina horrez gain buruko minak, depresioak, oroimena galtzea, Alzheimerra edo buruko tumoreak eragiten al ditu?

Kontuan hartu behar da telefono mugikorreko uhinak 800 eta 1.800 MHz bitartekoak izaten direla, hau da, mikrouhin-labeetan erabiltzen diren bezalakoak eta gorputzeko ehunak berotu egiten dituztela.

Irrati-maiztasunek osasunean duten eragina aztertzen aspalditik ari dira zientzilariak, baina intentsitate handiko eremuetan, eta ez telefono mugikorretan bezala intentsitate eta iraunaldi txikietako eremuetan. Horrelako ikerketak oraindik orain hasiak dira egiten eta zertan diren ikusiko dugu, labur bada ere.

Garuneko tumoreak

Oraindik ere ez dago esaterik intentsitate txikiko irrati-maiztasunaren eta minbiziaren arteko harremana dagoenik. Ikerketa askotan ez da harremanik topatu, baina Australiako Adelaide-ko Michael Repacholi zientzialariak OMEren EMF (Electromagnetic Field) proiektua koordinatu du. 100 sagu transgeniko hartu dituzte, genetikoki manipulatuta linfomak izateko joera zutenak, eta 18 hilabetez 900 MHz-eko irrati-maiztasunen eraginpean egon egunero ordu betez. Emaitza honakoa izan da: sagu horiek besteek baino bi aldiz tumore gehiago izan dute.

Erresuma Batuko Nottingham-go unibertsitatean David Pomerai doktoreak nematoko (zizare) transgenikoak gau batez 750 MHz-eko irrati-maiztasuneko eremuan eduki zituen eta hurrengo goizean larba horiek besteak baino bost aldiz azkarrago hazi ziren. Beraz, uhinek minbiziak bezala zelulak azkarrago ugalarazten dituztela pentsa daiteke. Pomerai doktoreak ordea, ez du uste hori kezkagarria denik, zeren zizarea gau batez uhinen eraginpean edukitzea pertsona 10 urtetan edukitzearen baliokidea baita.

Washington-go unibertsitatean Henry Lai ikerlariak ere bere saioak egin ditu 2.450 MHz-eko uhinen pean arratoiak edukita. Arratoien buruko zeluletan ADN kalteturik aurkitu dute, eta ondorioz, telefono higikorretako maiztasunak erabiliz ikertzen hasi dira.

Fetuarentzat kaltegarria?

Frantzian Montpellier-ko unibertsitateko Laborategian Madeleine Bastide zientzialariak 60 oilo-arrautza telefono mugikorretik hiru zentimetrora eduki ditu uhinen eraginpean. Inkubazioko 21 egun igaro ondoren, uhinpean egondako enbrioien % 60 hiltzen dira eta uhinpean egon gabekoen % 10 besterik ez. Dena den, Madeleine Bastide andreak dioenez gehiegi kezkatzekoa ere ez da, emakume haurduna egunean 24 ordu telefono mugikorra sabelean duela egoten ez delako, baina telefono mugikorrak beste eragin kaltegarri batzuk ere izan ditzakeela dio.

Orain arte seguru dakiguna

Uhin elektromagnetikoak bizidunen ehunengan duten eragina maiztasunaren eta eremu-intentsitatearen araberakoa da. Telefono mugikor digitalek (GSM) 800 eta 1.800 MHz bitarteko maiztasunetan dihardute eta ez dira uhin ionizatzaileak, hau da, molekulen barneko loturak ez dituzte hausten.

Maiztasun horietako uhinek ehunengan duten eraginetan, eragin termikoa da ongien ezagutzen dena. Uhinek ehunetako ur-molekulak berotu egiten dituzte eta bero hori organismoaren termorregulazioaren bidez kanporatzen da. Irrati-maiztasuneko eremuetako energia-zurgaketa absortzio espezifikoaren tasaren (SAR) bidez watt/kg-tan ematen da. 4 W/kg-tik gora erradiazioak osasunarentzat eragin kaltegarriak ditu. Organismoko ehunengan 1 °C-koa baino tenperatura-igoera handiagoak eragiten ditu eta gorputzean tenperaturak gora egin ahala adimen-gaitasunak eta gaitasun fisikoak murriztu egiten dira.

Telefono mugikorrak fabrikatzeko dauden nazioarteko arau teknikoen arabera, buruan batezbeste 0,1 W/kg-ko SARarekin tenperaturak ez du 1 °C baino gehiago igo behar. Arau hau betetzeko telefonoaren potentziak ez du handia izan behar. Egia esan, sistema analogikotik digitalera pasatu zenean potentzia asko jaitsi zen. 1980. urtean azaldutako teknologia analogikoan 8 watteko potentzia erabiltzen zen eta 1992. urteaz gero GSM sistema digitalak 2 watteko potentzia besterik ez. Dena dela, are eta potentzia txikiagoak erabiltzeko teknologiak garatzea interesgarria da.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia