}

Telebista-pantaila mehea

1994/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Japoniako Matsushita etxeak, diagonalean 36 zentimetro eta lodieran 10 zentimetro baino gutxiago dituen telebista-pantaila lortu duela eman du aditzera. Neurri horiekin telebistaren arloan iraultza lortu duela esan daiteke. Izan ere, diseinatzaileak denbora luzez ari dira hodi katodiko sakonaren atzealdea disimulatu nahian.

Sakoneraren muga hori gainditu denez gero, batetik aparatua horman edozein koadro bezala eseki ahal izango da eta bestetik telebistaren pisua erdira baino gutxiagora etorriko da.

Pantaila meheak orain arte kristal likidozkoak egin dira miniordenadoreentzat, baina tamaina txikia dute. Matsushita telebistan irudia puntuka fabrikatzen da pantailan bertan, baina pixel bakoitza pantailako fosforoztatutako gelatxo baten luminiszentziaz osatzen da. Luminiszentzia hori izpi elektroniko batez jota sortzen da, hodi katodikoan bezala. Orain ordea, izpi bakarrak ez du pantaila guztia sigi-sagan ekortzen. Ehundaka mikrokatodok emititutako milaka izpi elektroniko daude eta bakoitzak irudiaren puntu bat jotzen du.

Matsushita etxeak hauetako lau mila telebista iraultzaile egin ditu. 320.000 pezeta (edo 16.000 libera) balio du bakoitzak oraingoz, baina telebista-mota hau ugaldu ahala prezioak behera egingo du, dudarik gabe.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia