}

Tasmaniako itsas armiarma

2003/06/26 Elhuyar Zientzia

Argazkiko itsas armiarma Tasmaniako uretan harrapatu dute Australiako eta Zeelanda Berriko ikertzaileek. Animalia horri itsas armiarma erraldoi esaten zaio, nahiz eta taldeak lurreko armiarmekin zerikusirik ez izan. Piknogonidoen klasea osatzen dute eta ez dira benetako armiarmak. Argazkikoak 30 bat zentimetro ditu.

Itsas animalia hauek hamar edo hamabi hanka luze izaten dituzte, gorputz txikia eta aho handia. Gorputza hain da txikia, non zenbait organo hanketan izaten dituzte. Hankak zoru bigunetan ibiltzeko edo igerian egiteko erabiltzen dituzte eta lotuta bizi diren ornogabeez elikatzen dira, anemonak, koralak eta antzekoak.

Argazkikoa bezalako ale erraldoiak itsas hondo sakonetan bizi dira, 7,4 kilometrora topatu izan dira, eta handienek 50 cm izan ditzakete.

Australiako eta Zeelanda Berriko ikertzaileek hilabete eman dute Tasmaniako itsas hondoak aztertzen. Guztira, 500 bat arrain-espezie berri aurkitu dituzte, eta ornogabeen 1.300 bat. Bizidunekin batera, desagertutako marrazo baten hortz fosilak eta itzalitako sumendiak ere atzeman dituzte.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia