Hostoak jaten dituzten intsektuen eragina jarri dute adibidetzat: horien jardunari aurre egiteko, landareek defentsarako produktu kimikoak ekoizten dituzte, eta produktu horiek hostoen sukoitasuna aldarazten dute. Modu berean, zenbait hegaztik hostoak biltzen dituzte habiak egiteko, ingurunea garbituz. Bestetik, animalia handiek landareen artean egiten dituzten bidezidorrek suebaki naturalen funtzioa bete dezakete.
Gainera, belarjaleek izaten duten eragina aztertzerakoan, animalia horiek jaten dituzten landare-motak kontuan hartu behar direla diote. Izan ere, haientzako gozoak diren landareak baino ez dituzte kontsumitzen, eta horrek dakar, bueltan, hain gozoak ez diren eta normalean lehorragoak diren landareak jan gabe geratzen direla. Egileen arabera, horiek dira, hain justu, sutea izanez gero modu errazagoan erreko diren landareak.
Gallego Moya, Juanma
Kazetaria







