Supertxibia Antartikan
2003/04/04 Elhuyar Zientzia
Txibi itzel bat harrapatu dute Antartikako uretan; Mesonychoteuthis hamiltoni espezieko ale bat oso-osorik aurkitzen den lehenengo aldia da.
Espezie hori Antartikako ingurune abisalean bizi omen da, horregatik, orain arte sei ale bakarrik topatu izan dira: bost zeroien urdailean eta beste bat arraste-sare batean, bi mila metroko sakoneran.
Ale honek espeziea hobeto ezagutzen lagunduko du. Esate baterako, dagoeneko esan daiteke txibi erraldoia, Architeuthis dux, baino handiagoa dela. Gainera, inoiz ikusi den mokorik handienetako bat dauka (irudian ikus daitekeenez) eta tentakuluen puntan parerik gabeko kako biratzaileak ditu.
Ezbairik gabe, orain arte ezagutzen den txibi-espezierik handiena da Mesonychoteuthis hamiltoni. Aurkitu den ale honek 2,5 metroko gorputza du, eta gaztea izaki, lau metroraino haz daitezkeela ondorioztatu dute. Egundaino ezagutzen den txibi erraldoi luzeena 2,25 metrokoa dela kontutan izanik, bada zerbait.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia