
Afrikako sator-arratoi biluzia (Heterocephalus glaber) animalia benetan bitxia da: odol hotzeko ugaztuna da, hau da, inguruneko tenperatura berean izaten du gorputza (ez baita beroa sortzeko gai); oso bizi-itxaropen handia du, 25 urte ingurukoa; 300 ale baino gehiagoko kolonietan bizi da, eta hierarkian oinarrituta dagoen gizarte-antolaketa du, erleen edo termiten antzera. Orain, Chicagoko Thomas Park eta Alemaniako Gary Lewin ikertzaileek animaliaren beste berezitasun bat aurkitu dute: ez ditu min-mota guztiak sentitzen.
Mekanikoki eragindako mina (zimiko egitean edo ziztatzean) sentitzeko gai da, baina ez jatorri kimikoa duen mina. Adibidez, kapsaizinak, piperrak min egiten dituen substantziak, ez dio erredura-sentsaziorik eragiten larruazalarekin kontaktuan jartzean. Animalia gehienek, berriz, mina sentitzen dute horrelako egoera batean. Azidoekin kontaktuan jartzeak ere ez dio minik ematen.
Ikertzaileek ikusi dute sator berezi horrek nozizeptoreak (min-sentsazioari antzematen dioten hartzaileak) dituela, eta hartzaile horiek kapsaizinarekin erreakzionatzen dutela eta min-seinaleak bidaltzen dituztela. Baina animaliak ez du minik sentitzen. Dirudienez, seinale horiek bidean "galdu" egiten dira nonbait, edo mingarria ez den sentsazioa eragiten diote satorrari.
Argazkia:
Kathryn Marchetti/UIC Photo ServicesLakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.