Sukarra: beroa gaitzaren aurka
2007/01/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Zer da, baina, sukarra ? Antzinako greziarren ustez, gorputzak lau humore zituen: odola, flema, humore beltza eta humore horia. Gorputzak lau horietatik baten bat gehiegi sortzen bazuen, gaitza azaltzen zen. Desoreka bere onera ekartzeko, gorputzak sukarraren bidez erantzuten zuen: gehiegizko humorea “egosten” zuen, eta, hala, gaitzak alde egiten zuen gorputzetik. Beraz, sukarra onuragarritzat zuten.
Gaitzaren aurkako borrokan lagungarria delako ideiak ia gaur egunera arte iraun du. Batzuetan, ordea, arriskutsua izan daitekeela frogatu dute sendagileek; ondorioz, kasu bakoitzean erabakitzen dute sukarra jaisteko tratamendua jarri ala ez. Hori bai, sukarraren definizioa erabat aldatu da.
Hain zuzen ere, termorregulazio-zentroak ezartzen duen tenperatura ohi baino altuagoa denean sortzen den egoerari deitzen zaio sukar. termorregulazio-zentroa garuneko hipotalamoan dago, eta hura arduratzen da gorputzeko tenperatura egonkorra izateaz.
Gorputz-tenperaturaren gorabeherak
Odol beroko animaliek bakarrik dute gorputzeko tenperatura erregulatzeko gune hori. Horrek bereizten ditu, hain juxtu, odol hotzekoetatik. Haien gorputz-tenperatura ingurukoaren atzekoa izaten da. Odol beroko animaliek, aldiz, kanpoko tenperatura edozein dela ere, gorputz-tenperatura bera izaten dute.
Berez, gorputz-tenperaturan izaten dira gorabeherak goiza edo arratsa den, adina zein den... Emakumeetan, obulazio-zikloan zehar ere izaten dira aldaketa txikiak; horri esker, adibidez, emakumeak jakin dezake haurdun gelditzeko garai egokia ote den. Baina aldaketa txikiak izaten dira, batez ere sukarrarekin izaten den igoerarekin alderatuta.
Sukarra dagoenean, termorregulazio-zentroak ezartzen duen tenperatura ohikoa baino hiruzpalau gradu altuagoa izan daiteke. Gorputzarentzat, lehen hipotermian egon izan balitz bezala da; horregatik, gorputza berotzeko erreakzioak azaltzen dira: bihotz-taupadak areagotzen dira, muskuluak uzkurtzen dira (hotzikarak)...
Horrekin batera, beste sintoma batzuk ere azaltzen dira, hala nola, buruko, giharretako zein artikulazioetako mina, izerditzea... Sintomak desberdinak izan daitezke pertsona batetik bestera eta sukarra sorrarazten duen gaitzaren arabera. Izan ere, hamaika gaitzek sorraraz dezakete sukarra. Gehienbat, birus edo bakterioen infekzioetan azaltzen da, baina baita hanturazko gaixotasunetan eta bestelakoetan ere.
Atea zabaltzen
Mekanismo konplexua denez, ikertzaileek ez dituzte oraindik sukarraren alderdi guztiak argitu, eta ikerketa ugari egiten dituzte horren gainean. Adibidez, duela gutxi jakin dute nola laguntzen dien sukarrak odoleko globulu zuriei.
Globulu zuriak edo linfozitoak mikroorganismo patogenoen aurka borrokatzen duten odoleko zelula espezializatuak dira. Borrokalekua linfa-gongoilak izaten dira, eta hara sartzen dira linfozitoak infekzioa agertzen denean. Ez denak, ordea.
Orain, ikertzaileek frogatu dute sukarrak odol-fluxua areagotzen duela. Horri esker, linfozito gehiagok dute gongoiletara sartzeko aukera. Horrez gain, beste era batera ere laguntzen du sukarrak: gongoiletara sartzeko, gongoilen ehunean dauden molekula batzuetara itsatsi behar dira linfozitoak. Nolabait esateko, molekulek atea zabaltzen diete linfozitoei. Bada, sukarraren eraginez, normalean baino molekula gehiago agertzen direla frogatu dute ikertzaileek.
Hortaz, desatsegina bada ere, badirudi eragin onuragarri batzuk badituela sukarrak. Dena dela, sendagileak erabaki beharko du, kasuan kasu, noiz eta nola tratatu behar den.
Deia-n argitaratua.