Elhuyar zientziaren komunikazioa

Sudur elektronikoa

1993/02/01 Gurrutxaga, Antton - Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ordenadoreak “ikus” eta “entzun” dezan, bidea urratzen hasiak dira dagoeneko. Badirudi usainaren ordua ere heldu dela, eta usaina “aditzeko” lehen sistema elektroniko batzuk badaudela. Alor honetako teknologia garatzen hasi baino ez da egin, eta emaitzak, beraz, ez dira oraingoz berealdikoak, baina usainaren munduan muturra sartzen hasiak garela esan liteke.

Gaur egun usainak detektatzeko modu bakarra, horretan bereziki trebatutako pertsonen “sudurrak” dira, edo bestela, kromatografia gaseosoa. Usaindun substantzia injektore batean lurrindu eta segidan kromatografi zutabe batean barrena igaroaraziz osagaiak konposizio kimikoaren arabera bereizi egiten dira. Ondoren, osagai bakoitza zutabetik aterata, sugar bidez ionizatu egiten da, eta sortutako ioien kopuruarekiko proportzionala den seinale elektrikoa sortzen dute elektrodo batean.

Kromatograma batek gutxienez ordubeteko lana behar du, eta laborategiko tresna gehienetan finkoa izaten da. Azkartasuna eta mugikortasuna behar direnean beraz, kromatografia ez da oso eraginkorra.

Erdieroale baten gainazaleko tentsio-aldaketek argi-izpien maiztasun-modulazioa eragiten dute. Maiztasun-aldaketa horiek kolorezko irudi moduan agertarazten dira. Hartara, amoniakoa (1), hidrogenoa (2) edo etanola (3) "ikus" daitezke.

Alor honetako berrikuntza aipagarriena usain-sentsoreak dira. Lehen lanak Japonian egin dira, poluzio-arazo batzuk konpontzeko helburuz. Erabili duten teknikaren funtsa, erdieroalezko sentsore batek inguruneko gas bat zurgatzean bere eroankortasun elektrikoa aldatzea da. Hartara, ibilgailuek jaurtitako karbono (IV) oxidoaren kontzentrazioa edo kloro, sufre, etab.eko gas-isurketa industrialak detektatzea badago. Bapatean detektatzen da, eta zurgapena itzulgarria da; sentsorea 330 °C-tan dagoenez, erdieroaleak molekulak denbora labur batez zurgatzen baititu. Okzitaniako Tolosan Japoniako sentsore-mota bera elikagai-industrian aplikatzeko ikerkuntzari ekin diote.

Sentsore hauen arazo handiena, hala ere, osagaiak bereizi ezina da, erdieroalearen eroankortasunaren aldaketa, nonbait, zurgatzen den substantzi motaren arabera aldatzen ez delako; kantitatearen arabera baizik. Suedian, Linkoping-eko Teknologi Institutuan, bereizmen-arazo honi heldu zaio, eta badirudi metal erdieroale desberdinez osatutako sentsoreen bidez molekula-familia desberdinei antzemateko aukera egongo dela, eta erdieroaleek emandako informazio-multzoak, usain bakoitzaren nortasun-agiria osatuko duela.

Linkoping-eko ikertzaileek, hirurogei sentsoreko matrize batek usain konplexuak detektatu ahal izango dituela diote. Gainera, zurgatutako molekulek utzitako arrastoa ikustaraz daiteke: erdieroaleen azala maiztasun jakin bateko argiaz ekortzen denean, tentsio elektrikoaren aldaketak argi-izpien maiztasun-aldaketa eragiten dute, eta aldaketa horiek koloretako irudi-moduan agertaraz daitezke.

Guzti hau esperimentazio-fasean dago, hasierako urratsak besterik ez dira, eta oraindik lana franko dago usain batek berekin dakartzan informazio guztiak automatikoki prozesatu ahal izan daitezen.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia