}

Suari su?

1995/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Udazkena. Hegoaizearekin batera, suteak nonahi: Euskal Herriko mendietan, Galizako eukaliptadietan, Kataluniako pinudietan, Andaluziako artadietan. Giroa bero dago.

Telebistan sarritan ikusi dugu suteen aurkako borroka: gobernu kontaezinetako talde bereziak helikopteroz eta kamioiez, bolondresak, armada... gizarte osoa suaren aurka. Dokumental apartak, irudi ikusgarriak... Eta emaitzak? Urtetik urtera, gero eta sute gehiago eta gero eta larriagoak. Suteen aurka gastatutako dirutzaren neurri berberean emendatu da suak kiskalitako azalera. Ez da oso baikor izateko modukoa.

Su asko nahita piztutakoak izaten dira, baina zergatik ez da lortzen lehenago itzaltzea? Zer dela eta emaitza kaskar horiek? Jakina, ez dago konponbide bakar eta sinplerik, faktore askok zailtzen baitu suteen kontrako borroka; klima edo topografiatik hasi eta gizarte arazoetaraino. Hala ere, nire zalantzak ditut, guzti horren gain ez ote den suaren dinamika naturala ahaztu.

Labur esateko, sua munduko oihan eta baso guztietan gertatzen da, oihan tropikaletatik oihan borealetaraino. Suteen kalteak ordea, asko alda daitezke bi faktore nagusiren arabera, hots, klima eta oihanpeko erregaia (orbela, sasi lehorrak, adar eta enborrak eta abar). Oihan naturaletan, erregaia denboraren poderioz metatzen da eta gutxi diren artean, tximistek edo beste edozein faktorek piztutako suteak ez dira asko zabaltzen erregai-faltagatik; normalean oihanpea erretzen bada ere, zuhaitzak ez dira hiltzen. Maila batetik gora berriz, sua askoz azkarrago hedatzen da eta askoz beroagoa da, den-dena kiskaliz.

Suteen maisua izaki, gizakiak aspalditik jakin izan du hori eta hainbat eskualdetan sutea garai egokian eragin du, ingurunearen emankortasuna areagotzeko. Baina Australiako aborigenek edo Afrikako maasaiek ederki zekitena gizaki modernoak ahaztu egin du, antza.

Eta zientzilari askok berriro ikasi behar izan du, hondamendi handi baten ostean. Yellowstone da Estatu Batuetako lehen Parke Nazionala eta hobekien zaindutakoa gainera; bertako suhiltzaileak ospetsuak dira eta hala ere, duela urte gutxi sute izugarri batek parkeko zati handi bat kiskali zuen. Ikerketen ondorio nagusiaren arabera, zorigaiztoko gertaera hori suhiltzaile onegiak izateagatik gertatu zen. Suterik txikienak ere itzaltzen zirenez, urteetan pinudietako erregaia ugarituz joan zen eta une batetik aurrera, San Joan sua prest zegoen: inork itzali ez zezakeen egur-pila itzela, nork sutuko zain.

Zorionez, Yellowstone uste baino azkarrago ari da berreskuratzen. Bitartean, Estatu Batuetako gobernuak bere politika aldatu egin du. Orain garrantzitsuena ez da surik ez gertatzea, suteen eragina gutxiagotzea baizik. Nola konpontzen da buruhauste hori? Gehienetan, erregaia gehiegi ugaritu aurretik basoari su emanez. Bai irakurle, gaurko suhiltzaileen tresna nagusitakoa gasolina-potea da. Urte-sasoi lehorraren hasieran, oihanpea oraindik heze dagoenean, su ematen zaio basoari. Su hori azkar hedatzen da, tenperatura ez da gehiegi igotzen eta beraz, ez ditu zuhaitzak edo lurpeko haziak hiltzen. Erregaia gutxiagotu egiten da eta halaber, murriztu egiten da hondamendia gertatzeko arriskua. Gainera, praktika horrek zenbait espezieren ugalketa erraztu egiten du: sekuoien haziak esate baterako, sua behar dute hozitzeko.

Suteak saihestearren, Australian ere gobernuak baso gehienak erretzen ditu urtero. Ez ote da penintsulan aplikatzerik izango beste zenbait lekutan hain hedatuta dagoen praktika? Baldintzak desberdinak dira noski, baina oinarrizko printzipioak berberak.

Sua berez, ez da ona edo txarra, ingurunea modelatzen duen faktore ekologiko garrantzitsua baizik. Bere dinamika naturala ulertu egin behar da eta horren arabera, gure helburuen alde ihardun.

Azken paragrafo hori ez da neurea: Alaskan turistei ematen zaien informazioa aurkitu dut. Turista amerikarrak baino itxiagoak al dira zientzilari eta kudeatzaile europarrak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia