Sua dariola
2001/07/26 Elhuyar Zientzia
Egun edo aste hauetan Etna sumendia albiste dugu. Beldurra emateko modukoa bada ere, jende asko bizi da inguruan. Hasieran, inguruko herrietako biztanleak izutu egin ziren, baina egoera nahiko kontrolatua dagoela diote eta, gainera, sumendiaren jarduera apur bat moteltzen hasia omen dago, eta, beraz, jendea lasaitzen hasi da. Lasaitu eta etekina ateratzen, urrunagoko jende ugari bertaratu baita ikuskizuna ikustera.
3.345 metroko altitudea duen, edo agin zuen, sumendia Italiako Sizilia uhartean dago. Jarduera duen Europako sumendirik altuena da eta Kuaternarioko itsas golko batean sortu zen Kataniako lautadan. Egitura konplexua du eta krater nagusiaz gain baditu beste 250 krater txiki gutxienez. 100 erupziotik gora izan ditu K.a. 450. urteaz geroztik; larriena 1669koa. XX. mendean ere hainbat izan ditu (1950-51 bitartekoak 372 egun iraun zituen).
Inguruko herrietan zitriko--landaketak dituzte 500ko altituderaino. 500 eta 1.300 metro bitartean mahastiak daude landatuta eta hortik gora basoak (gaztainadiak, artadiak, pinudiak eta urkidiak) 2.000 metroko altituderaino. Gorago laba besterik ez dago.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia