}

Sintia, lehen bizidun sintetikoa

2007/11/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Hamaika urte igaro dira Dolly jaio zenetik, baina askok oraindik gogoan dute orduan eragin zuen zalaparta. Orain, antzeko aztoramena sortu du Sintiak, nahiz eta Dolly baino askoz ere txikiagoa den. Hain zuzen, bakterio bat da, baina ez nolanahikoa, laborategian sortutako lehen bizidun sintetikoa baita.
Venterrek ikerketa garrantzitsuak egin ditu, baina, sarritan, oso eztabaidatuak izan dira.
Johns Hopkins Institutua

J. Craig Venter-en laborategian egin dute Sintia; hortaz, hura tartean izanda, ez da harritzekoa halako oihartzuna lortzea eta aldeko eta kontrako jarrerak sorraraztea, beste batzuetan ere eztabaida handia sortu baitu.

Adibidez, Venterrek Celera Genomics enpresa pribatua sortu zuen, giza genoma deskodetzeko asmoarekin. Nazioarteko Giza Genoma Proiektua erakundearekin batera, 2003an helburua bete zutela jakinarazi zuen. Hori bai, bakoitza bere aldetik aritu zen: nazioarteko proiektuan ikertzaile-talde asko aritu ziren elkarlanean, eta haien emaitza publikoa zen; Celerak, aldiz, asmo komertzialak zituen, eta hori ez zen denen gustukoa. Edonola ere, Celeraren emaitza bestearena baino hobea zela ere esan zuten garai hartan.

Syntia edo Mycoplasma laboratorium

Gaur egun, J. Craig Venter Institutuko lehendakaria da. Hainbat egitasmo ditu esku artean, baina, oraingoan, bakterio sintetikoaren proiektuak eragin ditu ikusmina eta eztabaida. Bioteknologia-garapenak kontrolatzen dituen ETC erakundeak Sintia izena eman dio bakterioari; Venterrek, berriz, Mycoplasma laboratorium deitzen dio lehenagotik. Nolanahi ere, naturan berez ez dagoen eta laborategian sortu den lehen biziduna litzateke.

318 genek osatzen dute organismo bizi batek izan dezakeen gutxieneko genoma.

Venterrek iaz eskatu zuen bakterio baten gutxieneko genomaren gaineko patentea. Berez, izaki erabat sintetikoa egiteko metodoa eta izaki horren gutxieneko genoma daude jasota eskaeran. Eskaera egiteak ez du esan nahi izaki hori egitea lortu duenik, baina nahikoa izan da horren aurkako jarrera sortzeko gizartearen sektore batzuetan. Izan ere, batzuei ez zaie onargarria iruditzen bizia sortzea, eta are gutxiago patentatzea. Gainera, arriskutsua izan daitekeela uste dute.

Organismo sintetikoak eta genetikoki eraldatutako organismoak desberdinak dira. Dagoeneko, genetikoki eraldatutako organismo asko daude; naturan dauden organismoetatik abiatuta egiten dira, haien genoman zenbait aldaketa eginaz, hala nola generen bat inaktibatuta, edo beste organismo baten gene bat sartuta.

Organismo sintetiko bat, ordea, ez da naturan dagoen beste baten aldaera bat, organismo berri bat baizik. Venterrek 2002an jakinarazi zuen bizi artifiziala sortzeko asmoa zuela, eta haren taldeko ikertzaileak Mycoplasma genitalium bakterioarekin hasi ziren lanean. Bakterio hori traktu genitalean bizi da, eta ezagutzen den genomarik txikiena du (482 gene). Ikertzaileak banan-banan geneak kenduz joan ziren, organismo batek eduki dezakeen gutxieneko genoma zein den jakiteko. Emaitza: 318 gene.

Venter Mycoplasma generoko bakterioekin ari da lanean, bakterio artifizial bat sortzeko asmoarekin.
J. Craig Venter Institutua

Hortik aurrera, bizidun artifiziala sortzen hasi ziren. Geneak nukleorik gabeko bakterio batean sartu zituzten, eta elikagaitan aberatsa zen inguru batean jarri zuten bakterioa. Oraindik ez dute garbi esan lortu ote duten organismo hori haztea eta ugaltzea, baina pauso batzuk eman dituzte, eta patentea ere eskatu dute. Venterren esanean, oinarrizko organismo horri nahi diren ezaugarriak emateko aukera izango dute. Gene egokiak txertatuta, sendagaiak edo nahi diren molekulak ekoizteko gaitasuna izango omen du bakterioak.

Venterrentzat abantaila dena arriskutsua da ACTrentzat eta beste askorentzat. Mikroorganismo kaltegarriak sortzeko erabil daitezkeela uste dute, eta horrelako ikerketak zorrotz kontrolatzeko eta patenterik ez emateko eskatu dute. Edonola ere, J. Craig Venter Institutuan lanean jarraitzen dute, eta oso litekeena da laster kaleratzea emaitzaren bat.

Deia -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia