}

Simulatzaile ahaltsuena galaxien bilakaera aztertzen

2006/04/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Masao Mori eta Masayuki Umemura astrofisikariek “Lur-simulatzailea” ordenagailu ahaltsua erabili dute galaxien bilakaera aztertzeko.

Gehien bat, eredu klimatikoak egiteko erabiltzen da ordenagailu hori. Oraingoan, berriz, astrofisikan inoiz egin den kalkulu handiena egiteko baliatu dute. Hain zuzen ere, Big Bang-a gertatu eta handik 300 milioi urtetik hasi eta gaur egunera arte galaxiak nola aldatu diren aztertu dute.

Horretarako, galaxiak jaiotzen direnetik gertatzen diren prozesu dinamikoak eta kimikoak hartu dituzte kontuan. Eta emaitzak ikusi dituztenean, astrofisikariak harrituta geratu dira alderdi bat edo besterekin. Adibidez, ez zuten espero Esne Bideak duela mila milioi urte zuen konposizio bertsua izatea gaur egun. Orain arte uste zuten galaxiek pixkanaka eboluzionatu zutela, eta elementu astunetan aberasten joan zirela, izarrak sortu eta supernobak lehertu ahala.

Moriren esanean, egin dituzten kalkuluek erakusten dute galaxiek azkar eboluzionatu dutela, eta ez dituztela mila milioi urte baino gehiago behar izan elementu astunen kantitate handiak sortzeko.

Goiko irudia Nature aldizkarian argitaratu dute, beste emaitza batzuen artean, eta hor ikusten da zer itxura zuten izarrek, gasek eta metalek Big Bang-etik 100 milioi urtera, 300 milioira, 500 milioira eta mila milioi urtera.