}

SHDSL: Internet gero eta azkarrago

2001/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Internet inguruko teknologia egun batetik bestera aldatzen da. Otsailaren 9 arte, ADSL sistema asimetrikoa (Asymmetric Digital Suscriber Line) zen datuak bidali eta jasotzeko punta-puntako teknologia.Egun horretan, ordea, Komunikabideen Nazioarteko Batasunak arau berri bat ezarri zuen: telekarga arindu eta datu-bolumen handien trukea errazteko, sareko operatzaileek aurrerantzean SHDSL sistema simetrikoa (Symmetric High Bit Rate DSL) erabili beharko dute kobre-begiztak alokatzen dituzten abonatuei linea-zerbitzu eraginkor eta ekonomikoagoak eskaintzeko.

DSL sistemak abonatuaren telefono-lineak edo kobre-parea abiadura handiko linea bihurtzen ditu. Hartara, erabiltzailea azkarrago ibil daiteke Interneten eta, gainera, multimedia-zerbitzu gehiago erabil ditzake, hala nola on line jokoak, bideokonferentziak, etab. Gainera, Interneten nabigatzen ari den bitartean telefonoa ere erabil dezake.

Horretarako, DSL teknologiak, ohiko telefono-linea oinarri hartuta, hiru kanal independente sortzen ditu: abiadura handiko bi kanal (bata datuak jasotzeko eta bestea datuak bidaltzeko) eta telefono arrunterako kanala. ADSL sisteman, datuen kanalak asimetrikoak dira; hau da, datuak jasotzeko kanalaren abiadura handiagoa da, zentzu horretan trukatzen den datuen bolumena handiagoa izaten baita normalean. SHDSL sistema berrian, ordea, bi kanal horiek simetrikoak dira; hots, abiadura handia eta bera da bietan. Teknologia horren bidez, datu-transmisioaren abiadura 192 eta 312 kbit/s bitartekoa izan daiteke eta T1 (1 544 kbit/s), E1 (2 048 kbit/s), RDSI, ATM eta IP seinaleak transmiti daitezke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia