Heteroarautik kanpoko pazienteen onarpena osasungintzan zerbitzu hobearekin erlazionatzen da

2025/06/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

sexu-eta-genero-disidenteen-onarpena-osasungintzan
Osasungintzan identitate guztiak onartzeak zerbitzu honea ematea dakarrela frogatu dute. - Arg. Chinnapong/Shutterstock

AEBko hegoko estatuetako osasun publikoko zenbait ikertzailek egindako ikerketa batean, frogatu dute osasun-sistemak eta profesionalek LGBTQ+ identitateekiko duten jarrerak eragin handia duela kolektibo horretako pazienteen joeran, prebentzio-politikak jarraitzeko eta osasuna zaintzeko zerbitzuak erabiltzeko. Adibidez, ikusi dute, pazienteen identitatearen onarpenaren arabera, alde esanguratsuak daudela GIBaren eta koloneko minbiziaren diagnostikoan eta gripearen txertaketan.

Ikerketan, LGBTQ+ kolektiboko ia mila helduk (50-76 urte) jaso duten osasun-arretari buruzko balorazioa aztertu dute, hiru alderdi aintzat hartuta: LGBTQ+ gaitasun kulturala, adibidez, hizkuntza edo izenorde inklusiboen erabilera;  LGBTQ+ gaitasun klinikoa, hala nola haien osasunaren alderdi guztien ezagutza; eta diskriminazio-egoerak.

Emaitzen arabera, ikusi dute parte-hartzaileen herenak esperientzia positiboak izan dituela hiru alderdi horietan. Eta horiek dira, hain zuzen, prebentzio-kanpainetan parte hartzeko joera handiena dutenak ere. Aitzitik, gehiengoak (% 60k), adierazi du langileek gaitasun klinikoa izan arren eta tratu zuzena jaso arren, ez zutela gaitasun kulturalik. Hori erantzun dutenek aurrekoek baino % 43 gutxiagotan egiten dute GIBaren testa. Azkenik, % 6k diskriminazioa jasan du. Azken horiek % 24 gutxiagotan egin dute koloneko minbiziaren diagnostikoa, lehen taldekoek baino.

Horrenbestez, ikertzaileek baieztatu dute LGBTQ+ pazienteekiko jarrera egokia izateak onuragarria dela bai pazienteentzat, bai osasun publikoarentzat. Haien hitzetan, jarrera horri esker, “bizitzak salbatzen dira eta dirua aurrezten da”.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia